Getxo udalerrian, Imanol Landa, EAJ, GUK, EH Bildu, PSE-EE eta Ciudadanoseko udal ordezkariek parte hartu dute gaur Memoriaren Egunaren harira Getxoko udaletxeko atarian egindako elkarretaratzean. Hainbat herritar ere hurbildu dira bertara.
Getxoko popularrek ez dute ekimenean parte hartu, euren aburuz, terrorismoaren biktimak "beste mota bateko biolentziagaz parekatzen dituelako". Aitortzen dutenez, biktima horiek "beste egun batean gogoratu daitezke". Horrez gainera, gaineratu dute mota guztietako biktimak gogoan hartzea bestelako alderdi politikoen parte hartzea bultzatzeko izan dela. Halere, euren aburuz, "paradoxikoa" da Eudelek bultzatutako ekimen batean ETAren "terrorismo ekintzak" kondenatu ez dituen alderdi batek parte hartu izana.
Lore-eskaintza
Leioan, Udalak lore-eskaintza egin du 12:00etan, Nestor Basterretxearen "Leioako indarra" eskulturan, Elexalde parkean. Ekitaldi horretan hainbat leioaztarrek parte hartu dute.
Udalak zabalduta mezuaren arabera, "memoriarekiko hitzordu horrek elkarrizketa plurala" sustatu du, "baita sekula errepikatu beharko ez den iraganeko hari buruzko gogoeta kritikoa ere". Hartara, "elkarbizitza ezartzeko borondate eraikitzailea" partekatu dute, "Euskadiren orainerako eta etorkizunerako, oinarri harturik ideia-aniztasuna, oinarri demokratikoak eta giza eskubideen defentsa".