Ander Lipus: "Frankismoari epaiketa bat egiten diogu antzezlanagaz"

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 13a, 11:00

Iker Casado entrenamendu baten aurretik, Iparralde futbol-zelaian.

Ander Lipus aktore markinarra "Francoren bilobari gutuna" antzezlanagaz Leioan izango da, datorren asteko barikuan, azaroak 18; bezperan Bilbon taularatu ostean. Frankismoak Euskal Herrian utzitako zauriari ez ohiko begiradagaz erreparatuko diote Leioako Artedramak, Le Petit Théâtre de Pain konpainiak eta Dejabu Papin Laborategiak, zazpi aktorek hezurmamituko dituzten 50 bat pertsonaiaren bidez. Aukera galduz gero, ikusteko beste aukera bat egongo da, abenduaren 9an, Sopelan.

Aurrekoan, Ximun Fuchs zuzendariak esan zuen "Franco ez zait batere interesatzen. Tipo horrek ez du antzezlanik merezi". Zergatik egin duzue, orduan, "Francoren bilobari gutuna"?

Berak esan duena da Franco pertsonaia gisa ez zaiola interesatzen, baina bai frankismoak utzi duen arrastoa eta oraindino ikus ditzakegun frankismo-mota ezberdinak (frankismoa paralelismo batean ipinita nazismoaren pare), eta horrek dakarren injustizia eta beste mila gauza gaizto edo oker. Franco bera pertsonaia bezala ez zitzaion interesatzen, ezta guri ere; baina berak pertsona moduan eraikitako txarkeria hori guztia bai, eta batez ere gure komunitateari lotuta dagoen txarkeria, aztarna oso mingarri batzuk utzi dituena, herri honek inoiz merezi ez zituenak.

Zeintzuk dira zuen ustez frankismoak Euskal Herrian utzitako zama horiek?

Obran, modu askotan planteatu dugu hori. Erabilitako materialak, ikertutako eta irakurritako testuek eta historiak berak gogorarazten digu hemen izugarrizko genozidioa egon zela. Adibide batzuk ipintzearren, baditugu: Saturrarango emakumeen kartzela; Gurseko kontzentrazio-esparruan gertatutakoak, euskal herritarrak Frantziara joan zirenean nola pilatuta izan zituzten han; Ezkabako kartzela; gerra bukatu ondoren langileak nola eduki zituzten gatibu-lanetan; gerra ondoren ere, izandako hainbat eta hainbat tortura-salaketa; umeak nola beste familia batzuetara eraman zituzten; edo gerra ondoren erbesteratu behar izan zuten umeek, gurasoek eta beste pertsona askok; euskarak jasan izan duena, eraztunarena adibidez, euskara egiteagatik kastigua eta zigorra...; guk herri eta kultura moduan jasandako txarkeria guztiak. Obran zehar azaltzen dira gure gizarteak, euskal gizarteak, pairatutako txarkeriak eta horiek nolabait belaunaldiz belaunaldi nola azaleratzen diren: ametsen bitartez edo gaixotasunen bitartez, Nathalie Zajde psikiatrak esaten duen legez. Memoria historikoan lanean dabiltzan hainbat elkarte daude herrietan... Eta zer esanik ez fusilatuak, desagertuak eta hildakoak: egon ziren hainbat eta hainbat, eta oraindik ez dakizkigunak non dauden. Horrek herri bati, eta familia edo komunitate bati batez ere, sorrarazi ahal dion sufrimendua. Gauza horietaz guztietaz berba egiten du obra honek, ez dela gutxi.

Frankismoa nazismoagaz alderatu duzu lehen. Hura Nurenberg-eko epaiketetan juzgatu zuten, besteak beste. Hemen, lehenago epaituko du frankismoa antzerkigintzak Justiziak baino?

Badirudi baietz. Guk nolabaiteko epaiketa bat egiten dugu, batez ere Ximun Fuchsen ideian hori zegoelako. Bitxia da, baina Ximun Fuchs zuzendariaren historia pertsonalak ere badu zer esateko, eta azkenean gu norbanako bakoitzaren historiak ere, denok bizi izan dugu nolabait aititek edo amamek kontatutako gerra, frankismoa eta trantsizioa ere bai. Ximunena aipatuz, euren gurasoak aitaren aldetik judutarrak ziren, eta bere senide askok Auschwitzen bukatu zuten. Eta beste aldetik, euskaldunak ziren eta II. Mundu-Gerran aitita frantziar tropekin borrokatzera pasa zen Espainiara, gero Afrikara joateko. Irunen zegoela guardia zibil bati euskaraz egin zion eta preso hartu zuten; bertako kartzelak eta gaiztakeriak pairatu zituen. Beraz, euskaldun moduan eta judu bezala pairatu zituen bere sendiak txarkeria horiek. Hortik abiatuta, berari bitxia egiten zitzaiona, eta hor dator Günther Anders filosofoak Eichmann-i idatzi zion eskutitza. Berak esaten du nazismoak behintzat auzi bat eduki zuela, alde batetik, Nurenbergen; beste aldetik, Eichman bera Mossad-ekoek hartu zutenean, Argentinan, eta gero juzgatu eta heriotzera kondenatu zutenean Jerusalemen. Baina frankismoak ez du auzirik eduki, biktimek ez dute errekonozimendurik eduki, ez da hor gertatutakoaz ia hitz egin. Are txarragoa, isiltasuna da gehien nagusitu dena etxeetan. Orduan, auzi hori nahi izan da taula gainera eraman; eta metafora gisa baliatu Eichmannen semeei bidalitako gutun hori, esanez: «zuek ez zarete zuen aitak egindako itsuskeria guztien erantzule, baina bai izan ahal zarete erantzule nazismoa borrokatuz. Azkenean hori da guk bidali diogun eskutitza Francoren bilobari, hau da, "La nietísima"-ri. Oraindino ere trankil- lasai ikusi ahal dugu "Nietísima" ospitaleetako aldizkari arrosetan, bere aititaz hitz egiten, lasai-lasai, pertsona oso ona balitz legez. Günther Andersek ere hori esaten du, pertsona onak ala txarrak izan gaitezkeela guztiok, baina zer egiten dugu horren aurrean? Hori da planteatzen duguna obra honetan, eta beste hamaika kontu, alderdi edo ikuspuntuetatik begiratuta ere.

Proposatutako gai horregaz, zergatik aukeratu duzue ospitale bat obra kokatzeko?

Ospitale batean dena ematen delako: jaiotza, hau da, bizitza; heriotza; gaixotasuna; denetariko jendea dago, zaharrak, umeak... Orduan pertsonaiak margotzeko espazio interesgarria iruditu zitzaigun. Horretaz aparte, uste dut zauri horiek ixteko leku edo metafora egokia dela. Azkenean ospitale batera sendatzera zoaz normalean, nahiz eta lehen esaten zuten hiltzera bakarrik zihoazela. Espero dezagun ospitaleak sendatzea. Bestalde, gaur egungo ospitaleen irudia ematea ere interesgarria iruditu zaigu, batez ere politikoek osasunaren inguruan jokatzen dutenean, edo osasuna pribatizatzera doazenean, edo medikuek ordu estrak sartu behar dituztenean ez daukatelako baliabide nahikorik. Gai horiek guztiak ere ukitu nahi genituen, metaforaz aparte, gure iritziz, behintzat, garrantzitsua delako osasun eroso eta on bat edukitzea gure herrian. Europako edozein ospitale izan zitekeen; kasu honetan, Euskal Herriko ospitale bat da, eta gaixo berezi horiek, frankismoa bizi dute. Hor ideia argi bat kontatzen zigun Ximunek, eta talde bezala, gu ados geunden hori kontatzeko. Garai batean oso ezaguna egin zen Garzónen "dena da ETA" esamoldea, eta guk irudikatu nahi genuen gaixotasun horiekin "dena da Franco", horren guztiaren errua Francok daukala. Nolabait Garzónen esajerazio hori gurera bilakatuz.

Zelangoa izan da erabili duzuen sorkuntza-prozesua ideia sortu zenetik?

Obra honek izugarrizko indarra dauka hasieratik, pentsatu genuenean zertaz hitz egingo genuen. Aurreko obra Hamlet izan zen, pixka bat langileriaren arazoak kontatzen genituen bertan. Horren aurretik Errautsak eman genuen, eta hor belaunaldi baten ikuspuntua irudikatzen genuen, euskal rock radikalaren garaiko gazte batzuk zer bilakatu ziren. Orain, frankismoaren gaia eta ospitalea aipatu genuenean, halako sentsazio oso indartsua izan genuen. Nire intuizioak esaten zidan potentzial handiko obra genuela, eta uste dut hala dela. Beraz, sortze-prozesuan denok bizi izan dugun edo entzun izan dugun kontuekin lan egin dugu. Horregatik oso indartsua izan da. Oso konbentzituta geunden zer ari ginen kontatzen. Gero talde-lana bikaina izan da: Ximun Fuchsek zuzendaritza izugarri ondo eraman du, oso dramaturgia konplexua dauka obrak, pertsonaia asko agertzen dira; zazpi aktore gaude taula gainean, baina aktore bakoitzak zazpi edo zortzi pertsonaia ezberdin egiten ditu; baina oso ondo eraman dugu. Errautsaken bezala, obra hau Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzi behar zutela ere argi geneukan, eta eurengana joan ginenean oso gogotsu hartu zuten proiektua. Talde-lan guztia nabarmenduko nuke,  argiak, Paristik etorri den eta berarekin aurretik lan egin dugun Philippe Ducou, Asier Ituarteren musika... Denak eduki du halako indar berezi bat, eta taldean oso-oso ondo moldatu gara. Bestalde, gure sortze-prozesuak nahiko luzeak izaten dira, eta herri ezberdinetan egonaldiekin betetzen ditugu. Luhuson egin ditugu bukaerako entseguak, baina baita ere Itsasun, Donibane Garazin, Azpeitian eta Oreretan. Horrek ere ikuspegi aberats bat ematen dio gure sorkuntzari dagokionez. Aktoreen lantaldea ere berritu dugu. Taldean sartu dira Pako Revueltas galdakaoztarra, Bilboko Patricia Urrutia, Arbizuko Zoila Berastegi eta Azpeitiko Erika Olaizola. Berriak dira, baina oso gogotsu dabiltza. Baita ere Manex Fuchs baxenabartarra, Urko R. Pescador oreretarra eta ni neu, oso pozik gagoz. Hortik aparte, administraziotik, ekoizpenetik eta banaketatik egin dugun lana ere interesgarria izan da; ederra delako ikustea hemendik eta maiatzera arte pila bat emanaldi ditugula. Gure ofiziorako oso kontu sanoa da. Publikoaren aldetik ere oso erantzun ona jasotzen gabiltza, orain arteko saioak oso arrakastatsuak izan dira. Estreinaldian, jendea kanpoan gelditu zen, sartu ezinik.

Antzezlanetik aparte topaketak proposatu dituzue eskola-taldeakaz eta abarrakaz. Zertan datza?

Alde batetik, hau antzezlan bat da, baina badakigu gai honetaz sentsibilitate handia dagoela. Hala, pentsatu dugu egongo garen herri horietako elkarte ezberdinekin kontaktuan jartzea, eta elkarte horiekin batera zerbait gauzatzea, ahal den neurrian. Guk emanaldia egiten dugu, baina elkarte batek egin dezake, demagun, ibilbide bat bere herrian zehar, eta oraindik frankismoak dituen kale-izenez hitz egin, adibidez; edo bonbardatuak izan ziren herri horietara txango bat egin. Mediazioak deitzen ditugu. Elkar trukaketa egitea da herrietako elkarte horiekin. Hortaz aparte, zelan ez, institutuetako gazteekin egon gara, Gasteizen eta Luhuson, adibidez. Oreretan antzerki-eskolakoak egon dira gurekin. Gure esperientzia eta gure lana, ikuskizunetik harago, beste bide batzuetatik zabaltzea da kontua. Franco.eus gure webgunean ikerketa izeneko atal bat zabaldu dugu eta bertan daude erabili ditugun materialak, jendeak ikus eta irakur ditzan; beharbada ezagutzen ez zituen gai batzuez informazioa jasotzeko. Ez gara ikuskizunari bakarrik lotzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun