Ez da erraza ume txikientzat apropos sortu eta egokiak diren lanak topatzea. Horixe da Txiki, txiki, txikia festibalak betetzen duen hutsunea: 6 hilabete eta 4 urte bitarteko umeak dauzkaten sendiei arte eszenikoez gozatzeko aukera eskaintzen die. Aurten, jaialdiaren hirugarren edizioa egingo da Basaurin, Barakaldon, Berrizen, Bilbon, Durangon, Leioan, Mungian, Sopelan eta Zarautzen.
Jaialdian bost lan taularatuko dira: "La oú j’ habite", Des Mots d’ la Dynamite konpainia kanadiarrarena; "Jardín Secreto", Asturiasko Zigzag Danzak antzeztua; Imaginart katalanen "Sensacional"; "Loo" (Ponten Pie); eta "Girotondo" (La Baracca-Testoni Ragazzi).
Hur-hurretik
Formatu txikiko lanak dira. Hur-hurretik antzezten dituzte, eta, hala, umeek kanpoko ikusle izateari uzten diote, istorioan bertan murgiltzeko, antolatzaileek azaldu dutenez. Txikienek ulertu eta gozatu dezaten helburuagaz sortu dituzte; antzerkia txikitatik bizitzea eta erakargarri egitea bilatzen dute, antzerki-mundua ezagutuz gozatzeko. "Txiki, txiki, txikia" orain dela urte bi sortu zuten Herrialde Katalanetan, "El mes petit de tots" jaialdiaren senide txiki legez.