Ekimen berri horiek guztiak Getxoko hondakinak Kudeatzeko Lantaldean jorratu dituzte; horretan parte hartzen dute udal-alderdi politiko guztietako ordezkariek, eta udalerriko hainbat elkartetako kideek ere bai. Etxez etxeko sistema Zugatzarten eta Negurin bakarrik ipiniko dute: zarama batzeko 400 puntu baino gehiago egongo dira, horiek auzotarren komunitateagaz adostuko dituzte.
Gainera, "edukiontzi-flota"-ren berritzea laster abiatuko dute; eremuak homogeneizatuko dira: guztiek 4 edukiontzi izan ditzaten, gutxienez; hau da: organikoarena, paperarena, ontziena eta errefusarena. Beste gune batzuetan, 5 izango dira (beirarena barne), edo guztiak, 6 (olioarena sartuta). Bosgarren edukiontziaren zerbitzua 2017an ipiniko dute martxan.
Hori zelan erabili eta zer zelako hondakinak onartzen dituen jakiteko informazio-kanpaina egingo dute.