Bertan, Uribe Kosta ADOS taldeko ordezkariek herri-galdeketaren prozesuari hasiera emateko protokoloak eskatzen duen gutxiengo sinadura kopurua lortu dutela adierazi zuten. Hala, jakinarazi zutenez, sei herri horietan guztietan biztanleriaren %10a baino gehiagoren sinadurak lortu dutea. Guztira 3.036 uribekostarrek sinatu dute, "eta horiek guztiek zilegitasuna ematen diote 2017ko udaberriko herri-galdeketari", azaldu zuten antolatzaileek.
Kontuak hala, sinaduren bilketa faseari amaiera eman eta 3. fasea martxan jarri dutela jakinarazi zuten: "galdera erabakitzera goaz, gaurtik denon artean erabakiko duguna".
Horretarako, galdera landu eta zehazteko, aurrerantzean lehenengo bilerak antolatuko dira sei herrietan. Lanketa prozesu zabal baten bidez egingo dute hori, herritar guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten.
Hurrengo hitzorduak:
Hala, lehenengo bileren datak hauek dira: Barrikak, Sopelak eta Urdulizek bilera egingo dute hurrengo abenduaren 2an, barikuan, arratsaldeko 19:00tan, Sopelako Kurtzio Kultur etxean.
Beranduago batuko dira Lemoiz, Plentzia eta Gorliz. Oraindik ordua eta lekua ez daude zehaztuta.