Galeako eta Sopelako surf ekimenak berretsi ditu WSLk 2017rako

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 24a, 17:06
Juliette Brice surflaria Arriateran, garaipena ospatzen. © LAURENT MASUREL - WSL

Galea eta Sopela munduko surfaren egitarauan egongo dira beste urte batez. Daborduko, Munduko Surf Ligak iragarri du proba biak mantenduko dituela 2017an.

Galeako Olatu Handia edo Punta Galea Challenge itxaronaldian dago asteotan, datorren otsailaren 28ra arte, 6-7 metroko olatuak noiz helduko diren itxoiten. Proba 2012an sartu zen Munduko Olatu Handien Zirkuituan, sailkapen-ekimen moduan, eta gerora saltoa eman zuen zirkuituaren kategoria nagusira. Iaz, ostera, olatu egokien ezean, txapelketa bertan behera lotu zen. Hori dela-eta, aurten zirkuituaren barruan mantendu du Munduko Surf Ligak (WSL), baina QS sailkatze-serie azpikategoria berriaren barruan. Nazioarteko gonbidatuei dagokienez, Greg Long munduko txapeldunari eta Grant Twiggy Baker hegoafrikarrari gehitu zaizkie Billy Kemper hawaiiarra, Pe`ahi-ko Olatu Handiko Txapelketan nagusitu berri da. Datorren urtean ere Olatu Handien Zirkuituan sailkatzeko proba izango da Galeakoa, aurten gertatuko dena gertatuko dela. Getxoko ekimena 2017ko urriaren 15a eta 2018ko otsailaren 28a bitartean egin beharko dute.

Sopela

Sopelari dagokionez, datorren urtean Arriaterako hondartzan izango da, berriro ere, Europa mailako gazteen sailkatze-seriea, emakumezkoen eta gizonezkoen ataletan. Junior Pro Sopelari 2017rako WSLk finkatu dizkion datak uztailaren 20tik 23rakoak dira. Aurten, uztailaren 16an eta 17an egin zen proba. Bertan, irabazleak izan ziren Juliette Brice surflari frantsesa eta Titouan Boyer martinikarra. Ariane Ochoa eta Nadia Erostarbe euskal herritarrek ere norgehiagoka ona jokatu zuten, eta gaur egun Europako Gazte Sailkatze-serieko bigarren eta hirugarren dira, hurrenez hurren. Sara Urresti eta Leire Fuente sopeloztarrak, ordea, 13. eta 14. postuetan daude. Gizonezkoetan, Lander Davila eta Ruben Vitoria dira  euskal herritar bakarrak sailkapen horretan, 6. eta 18. postuetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun