Galeako Olatu Handia edo Punta Galea Challenge itxaronaldian dago asteotan, datorren otsailaren 28ra arte, 6-7 metroko olatuak noiz helduko diren itxoiten. Proba 2012an sartu zen Munduko Olatu Handien Zirkuituan, sailkapen-ekimen moduan, eta gerora saltoa eman zuen zirkuituaren kategoria nagusira. Iaz, ostera, olatu egokien ezean, txapelketa bertan behera lotu zen. Hori dela-eta, aurten zirkuituaren barruan mantendu du Munduko Surf Ligak (WSL), baina QS sailkatze-serie azpikategoria berriaren barruan. Nazioarteko gonbidatuei dagokienez, Greg Long munduko txapeldunari eta Grant Twiggy Baker hegoafrikarrari gehitu zaizkie Billy Kemper hawaiiarra, Pe`ahi-ko Olatu Handiko Txapelketan nagusitu berri da. Datorren urtean ere Olatu Handien Zirkuituan sailkatzeko proba izango da Galeakoa, aurten gertatuko dena gertatuko dela. Getxoko ekimena 2017ko urriaren 15a eta 2018ko otsailaren 28a bitartean egin beharko dute.
Sopela
Sopelari dagokionez, datorren urtean Arriaterako hondartzan izango da, berriro ere, Europa mailako gazteen sailkatze-seriea, emakumezkoen eta gizonezkoen ataletan. Junior Pro Sopelari 2017rako WSLk finkatu dizkion datak uztailaren 20tik 23rakoak dira. Aurten, uztailaren 16an eta 17an egin zen proba. Bertan, irabazleak izan ziren Juliette Brice surflari frantsesa eta Titouan Boyer martinikarra. Ariane Ochoa eta Nadia Erostarbe euskal herritarrek ere norgehiagoka ona jokatu zuten, eta gaur egun Europako Gazte Sailkatze-serieko bigarren eta hirugarren dira, hurrenez hurren. Sara Urresti eta Leire Fuente sopeloztarrak, ordea, 13. eta 14. postuetan daude. Gizonezkoetan, Lander Davila eta Ruben Vitoria dira euskal herritar bakarrak sailkapen horretan, 6. eta 18. postuetan.