Sakonean

"Geure berbak, geureak direzelako"

Irantzu Sagarminaga Etxebarria 2016ko aza. 25a, 16:26
Urtzi Goiti eta Koldo Zuazo

«Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara» liburua aurkeztu zuten Koldo Zuazok eta Urtzi Goitik,hilaren 22an,Getxon.Egizu elkartearen UKITX Uribe Kostako Irakurleen Txokoak antolatu zuen ekitaldia, Getxoko Udalaren laguntzagaz.Algortako Azebarri kultur topalekuan egin zen berbaldia, eta bertoko geure berbetari dagozkion kontu askoren gainean jardun zuten.

Irailean aurkeztu zuten Bilbon «Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara» ikerlana Koldo Zuazo Zelaieta hizkuntzalariak eta Urtzi Goiti Ugarte biologo leioaztarrak. Egileakaz eurakaz horren inguruan berba egiteko egundoko aukera izan zuten uribekostarrek pasa den martitzenean,Getxon. HIRUKAk bideoan jaso zuen ekitaldia; eta liburuko aipamen batzuk, labur-laburrean,hemen.

Gaur egun Sondikan (Txorierri) bizi den Koldo Zuazo Zelaieta (Eibar, Gipuzkoa, 1956) EHUko irakaslea da Dialektologia eta Euskararen Soziolinguistika arloetan, eta euskaltzain urgazlea. Esanguratsua da euskalkiak ikertzen urtetan egin duen lana; arlo horretan, aditu ezagunenen artekoa dela esan daiteke. Bere ikasgai baterako lan bat egin behar zuela-eta, bere ikasle batek Urtzi Goiti Ugarterengana jo zuen, darabilen euskara jasotzeko eta aztertzeko asmoz. 39 urteko leioaztarra biologoa da, eta irakaslea EHUko Farmazia Fakultatean. Gaztea izanda Goitiren bertoko berbeta erabiltzeak arreta eman zion Zuazori; zoritxarrez, gaur egun bertako euskara “adin batetik gorakoek” bakarrik darabiltelako, eta ezagutu ere... Biologoa bada ere, “hizkuntza kontuek betidanik” erakarri izan dute, Goitik kontatu duenez; “12 urte nituenean hasi nintzen Leioako bertoko berbak batzen, etxean ibiltzen genituenak; ikusten nuelako galtzen zebiltzala... Koadernotxo bat neukan, oraindino mantendu egiten dut, han ipintzen du: Geure berbak”. Zerbait egiteko gogotsu bata bestearengana hurreratu, eta horrela sortu zen elkargana: Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara liburua, ordutik eta urte bira oraintsu plazaratu duten lana.

Zuazok dioenez, horren helburua da “hizkuntza zuzenago eta egokiago erabiltzea”. Bere ustez, “hizkuntza bat leku bakoitzeko premietara egokitzen ahalegindu behar dugu. Euskara batua euskaldun guztiendako egin zen: Bartzelonako Euskal Etxerako; Madrilgo Ateneorako; Moskuko, Tokioko edo Poznango unibertsitateetan erakusteko..., baina Uribe Kostan bertako bizilagunendako egokitu behar dugu, hiztunek hizkuntzarekin lotura izan dezaten, harekin identifikatu daitezen eta hura erabili dezaten. Hiztunendako hizkuntza arrotza eta urruna bada, ez dute onartuko eta ez dute erabiliko, eta horixe ari da gertatzen gaur egun alderdi askotan. Euskara erabiltzen ez bada, ez da bakarrik Madrildik debekuak datozelako; geuk ere ez dugu gauza askotan asmatzen eta egoki jokatzen”. Goitik “euskara nahastua” erabili beharko genukeela uste du, “geurea galduko ez bada. Erregistro ezberdinak izan beharko genituzke, eta bakoitza ibili momentuaren, egoeraren, eta aurrean dugun pertsonaren arabera; batua kontu formaletan, ofizialetan; euskalkia, lagun artean, kalean...”.

Liburuari dagokionez, nabarmendu dute «Bizkaian azterketa dialektal gutxi egin direla. Hori dela eta, erakutsiko ditugun ondorioak behin-behinekoak dira, inguruko berbetak hobeto ezagutzen direnean, aldatu, egokitu eta osatu beharrekoak». Lana egiteko oinarri hartu dituzten ikerlan batzuk aipatu dituzte aurkezpenean, gure eskualdeari lotutakoak dira Iñaki Gaminde, Iñaki Gilisasti eta Xabier Bilbao hizkuntzalariek argitaratutako lanak. Ezin aipatu barik utzi Rafael Mikoletak 1653an euskara ikasteko egin zuen liburua eta 1596an Iruñean argitaratutako esaera zaharren bilduma: «Refranes y sentencias». EHUk argitaratu duen liburuak hiru atal nagusi ditu: lehenengoa, akademikoa: gramatika egitura erakusten da; bigarrena, hiztegia, «gurea zabaltzeko» asmoz jasotako berbakaz eta aldaerakaz; eta, hirugarrena, datuen interpretazioari dagokiona: hizkera horien «egitura dialektala» azaltzen da bertan, berbaera bakoitzari dagozkion berezitasunak eta ezaugarriak jasoz. Hiztegian 572 sarrera daude, eta 63 azpisarrera. Gainera, 41 mapa agertzen dira, “liburuaren osagarri eta aberasgarri”. Ondorioztatu dutenez, “euskalkiaren (eta euskararen) egoera ez da ona aztergai izan duten alderdian. Azken batean, adin batetik gorakoek egiten dute gaur egun bertako euskara”.

Kontu orokorretatik hasteko, egin dezagun mugapen linguistikoa: «Mendebaldeko» euskara deitzen dena (bizkaiera, herri-hizkeran) Bizkaian, Gipuzkoako Deba ibar gehienean eta Arabako Aramaion egiten da gaur egun. Horren barruan azpieuskalki bi ageri dira: sortaldekoa eta sartaldekoa, hau da, ekialdekoa eta mendebaldekoa. Sartaldeko edo mendebaldeko azpieuskalkian beste hiru berbeta nagusi ageri dira: a) ipar-sartaldekoa (Uribe Kosta, Mungialdea eta Txorierri); b) hego-sartaldekoa (Arratia eta Zeberio); c) Nerbioi ibarrekoa (Zaratamo, Etxebarri, Basauri, Arrigorriaga eta Ugao). Hala bada, ipar-sartaldekoari dagozkion ezaugarriak batzen ditu liburuak, beren-beregi. Egileek zehaztu dutenez, «Mendebaldeko euskararen bereizgarri gehienak aurkitu ditugu alderdi honetan; euskalkiaren ertz batean egon arren, egin diren berrikuntza gehienak heldu dira bertara. Mendebaldeko euskarak iraganeko garaietan izan duen batasun sendoa erakusten du horrek». Ipar-sartaldeko hiru berbeta-esparruen artean (Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdea), gaur egun, «euren ezaugarri bereziak dituzte, baina, aldeak alde, denen batasuna ere bada».

Euskal dialektologian adituaren arabera, «Uribe Kostak dauka nortasunik handiena» . Hizkerari dagokionez, Uribe Kostaren barrukotzat hartzen dira herri hauek: Gorliz, Plentzia, Lemoiz, Urduliz, Barrika, Sopela, Berango, Getxo, Jatabe, Laukiz eta Gatika. Leioa eta Erandiori dagokienez (Loiugaz batera), «hizkeren arteko» eremuan kokatu dituzte, «Uribe Kostaren eta Txorierriren arteko lotura egiten dute». Ostera, argitu bako kontuak ere utzi dizkie azterlanak: «Mungiaren izaera bitxiari ez eze, Uribe Kostan gertatzen denari ere ez diogu aurkitzen azalpenik: hango berbetak batasun handia daukala esan dugu. Hauxe geure buruari egiten diogun galdera: zein izan ote da indar bateratzailea? Zein izan ote da eskualde horretako bilgunea eta eredua? Nabarmendu dezagun, gainera, Uribe Kostan ez dela izan merkaturik: Portugaletera -‘Portaltera’, bertakoen esanetan- edo Mungiara jo izan dute hango bizilagunek». Argiago dute Uribe Kostako berbeta gordetzailea dela: “18. mendetik hona Gipuzkoa izan da euskararen ardatza; handik zabaldu dira berba eta ezaugarri berriak. Uribe Kosta urrun samar egon da eta ez ditu jokabide horietako gehienak hartu. Aldiz, Uribe Kostan bertan sortu eta indartu dira zenbait jokabide; esate baterako, artikulua “jatea”. Uribe Kosta ‘bakarti’ ibili dela esan daiteke eta bakardade horretatik etorri da bertako berbakera berezia”. Geurea den hori betiko galdu edo desagertu ez dadin zer egin daitekeen argi dute Goitik eta Zuazok: “gure esku dago berbak berriro erabiltzea”; eta badakite ere hori lortzeko zelan eragin litekeen: “leku bakoitzean euskararekin beharrean dabiltzanak bertako berbeta ezagutzea dute lehenengo zeregina. Horretan ahalegindu behar lirateke irakasle, kazetari, itzultzaile eta gainerako eragileak. Bigarren zeregina bertako hori euskera batuan txertatzea. Euskaltzaindiak argiro esan du euskarazko berba guztiak direla euskara batukoak. Horrek esan nahi du asao, paraje, aldestaio, izara, izeko... lasai erabili daitezkeela: euskara batukoak dira eta, gainera, Uribe Kostakoak”.


Uribe Kostako berbetaren bereizgarriak

Eskualdeen arteko muga administratibo edo mapa politikoaren osaketari begiratu baino, hizkuntzaren eremua dugu berbabide; eta horren mugak lausoagoak dira; kolore gorriz dagoen eremua dagokio Uribe Kostako berbeta deritzonari, tartean gorrixkaz dagoena ere bai. Mendebaldeko euskararen altzoan, ipar-sartaldeko azpieuskalkiaren barrukoa da Uribe Kostako berbeta. Hizkuntzari dagozkion alde askok batzen dute inguruan dituen Txorierriko eta Mungialdeko bebetakaz; baina horiekiko bereizgarriak ere badauzka:

Artikulua guztiz asimilatzen da
Absolutibo singularrean ere bai. Gainera, eremu barruan daude Leioa, Erandio, Loiu eta Mungiako Birle auzoa ere. Mungiako Atxurin eta Laukariz auzoetan ere batzuetan gertatzen da.
Hau da, artikulua “jatea”: ‘andrea’ esateko ‘andre’; ‘herria’ esateko ‘herri’; ‘eskua’ esateko ‘esku’... alabe (< alabea) ‘alaba’; etze ‘etxea’; itturri ‘iturria’; goso ‘gozoa’, esku ‘eskua’. etze erosi (etxeA erosi); ogi ekarri (ogiA ekarri); esku emon (eskuA eman).

-oa- < -o- egiten da joan-en 
orainaldiko adizkietan
Leioan, Erandion eta Loiun ere gertatzen da
no ‘noa’, sos ‘zoaz’; etzera no ‘etxera noa’/ 
tabernara sos ‘tabernara zoaz’.

-au- > -eu- egitea ez da heldu
Bizkaiko eremu zabalean egin da -au- > -eu-: paseu (< pasau) ‘pasatu’. Bilakaera hori ez da heldu Uribe Kostara eta Txorierriko mendebalera.

zélau/zélaseko ‘zelako, nolako’, ólau/ólaseko ‘horrelako’ 
tankerako aldaerak
Aldaerak dira eskualde honetako bereizgarri. Mungian, Bakion, Meñakan eta Txorierriko mendebalean ere badira.

Partizipioan -adu > -au > -a egin da Uribe Kostan
Txorierriko mendebalean eta Mungiako Birle eta Atxuri auzoetan. Egia esan, ez da bertokoa bakarrik, Bizkaiko itsasbazter gehienean egiten da -a, Erandion hasi eta Ondarroa bitartean.Partizipioetan -ado > -a egitea da Uribe Kostako beste bereizgarri bat: akaba ‘akabatu’; kanta ‘kantatu’; blokea ‘blokeatu’; organiza ‘organizatu’...

-ten da horrelakoen aditz izena, Aurreko horren ondorioz
Partizipioan -adu > -a egin izanaren ondorioz, -ten da horrelakoen aditz izena
gústaten ‘gustatzen’; kantaten ‘kantatzen’.

Berba bereziak, hauek:
Lexikoan, Uribe Kostakoak edo, behintzat, inguru honetakoak dira berba hauek:
aldestaio ‘ganora gutxikoa’; asao eta paraje ‘urrun/hur’; ataza ‘zeregina’; barekil ‘barea’; basi ‘saltsa, untoa’; justuri ‘tximista’; leba ‘inportantzia’; mamurtu ‘mastikatu’; troñu ‘korapiloa’; andana ‘ganora’, Leioan, Erandion eta Loiun ere bada; gáriko/gáriteko/gáreztiko/gárizteko ‘gainerako’, Mungian, Erandion eta Loiun ere bada; opetzi ‘eskaini’ Txorierriko mendebalean ere bada.

Aldaerak
Aldera bat da oinarritzat edo eredutzat hartzen denarekiko desberdintasunen bat duen beste modu bat; adib.: emon ‘eman’.
Bakarra aurkitu dute: angéru ‘aingeru’, Txorierriko mendebalean ere bada.

Bibliografia:

Bestek beste, Uribe Kostari dagozkionak:

Gaminde, Iñaki. 1982. «Butroiko euskara». Fontes Linguae Vasconum, 14, 40. zenb., 403-460

1989a. Leioako euskararen gramatikaz. Leioa: Leioako Udala

1992. Urduliz ingeru, berbak eta bizimodu. Urduliz: Urdulizko Euskera Taldea.

2001e. Leioa berbarik berba. Leioa: Leioako Udala.

2004a. Berango berbarik berba. Leioa: Berangoko Udala, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia.

Gaminde, Iñaki; Bene Markaida eta Eukene Markaida. 1993. Sopelako euskaraz. Sopela: Urdulizko Euskera Taldea.

Gilisasti, Iñaki. 2003. Urduliz aldeko berba lapikokoa. Bilbo: Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea. 2. arg., osatua.

Hualde, José Ignacio eta Xabier Bilbao. 1992. «A phonological study of the basque dialect of Getxo». Suplementos del Anuario del Seminario de Filologia Vasca «Julio Urquijo», 39. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Zamora, Jorge. 2001. Gorliz 1900. Gorliz:  Gorlizko Elizatearen Udala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun