Euskal Gimnastika Federazioak eta Basque Team (BAT) kirol erakundeak berretsi egin dute iazko abenduan elkarlanean sortutako teknifikazio-programa, denboraldi berrirako. Horren bidez, euskal gimnastek nazioarteko lehiaketetara heldu eta emaitzarik hoberenak lortu gura dituzte. Eliteko kirolari horien artean, Sakonetako Gimnastika Erritmiko Taldeko partaide Saioa Agirre Elordui getxoztarra dago, iaz legez.
Federazioak gogorarazi duenez, Agirre hiru aldiz izan da Espainiako txapelduna, ume- eta gazte-mailetan, eta brontzea eskuratu du Lehenengo Mailan; aurten estreinatu da maila horretan. Natalia Brettes entrenatzaileak zuzendutako programa abenduaren 17an eta 18an berrartuko dute, Algortako Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan. 2017ko urtarrilerako saio bi ipini dizkiete Agirre eta beste hamar gimnastari, Gasteizen: urtarrilaren 2tik 4ra, eta 7tik 8ra.
Iazko abenduan eta aurtengo urtarriletik uztailera, Agirrek aukera izan du Bulgarian, Italian eta Portugalen lehiatzeko eta lehenengo mailako hainbat entrenatzaile ospetsugaz entrenatzeko: Ana Alkorta eta Tatiana Nagornaia errusiarrakaz, Kameliya Dunavnaska bulgariarragaz eta Manola Belda eta Blanca López valentziarrakaz, besteak beste.