Euskarak 365 egun

Bertso-saioak, nongura, abendu osoan

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 1a, 17:00

Urte-akabu honetan ere errimaz eta musikaz beteko zaizkigu Uribe Kostako kaleak, bertso-jirakaz. Horiez gainera, ALBE Gala egingo da abenduaren 10ean, Jolastoki jatetxean. Hilaren 17an, barriz, Jone Uria Albizuri Bizkaiko txapela eskuratzen saiatuko da Bizkaiko Txapelketaren finalean, Bilbon.

Neguari bertsotan egingo diogu ondoetorria Uribe Kostan. Batetik, bertso-jirek beteko dituzte kaleak, hemendik eta abenduaren 30era bitartean.

Sopelan, bihar kantatuko dute Maddalen Arzallusek eta Aitor Sarriegik, Gibelurdinak taldeak lagunduta, 20:00etatik aurrera; udal-pilotalekutik abiatuko dira. Biharamunean, Urdulizen abestuko dute Sustrai Colinak eta Uxue Alberdik, Unai eta Koldo Etxebarria lagun; 13:00etan hasiko dira Txiberri tabernan. Abenduaren 16an, Plentziara hurreratuko dira Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze, eta Oxabi taldea izango dute alboan; Elizako plazatik irtengo dira 19:30ean. Abenduaren 30ean izango da azkenengo saioa, Erandion: Julio Soto eta Alaia Martin jardungo dira, Erandioko trikitilariakaz batera; hitzordua ipini dute Altzagako La Plaza tabernan, 20:30ean.

Bestetik, ALBE Gala egingo du Algortako Bertsolari Eskolak abenduaren 10ean, Neguriko Jolastoki jatetxean: Fredi Paia, Oihana Iguaran, Amets Arzallus eta Iratxe Ibarrak abestuko dute, Andoni Egañak gidatuta; 18:00etatik aurrera.


Amaitzeko, akorduan eduki, Jone Uria Albizuri algortarra Bizkaiko txapela Uribe Kostara ekartzen ahaleginduko dela, abenduaren 17an, Bilbon.

Ekitaldiak:

  • Abenduak 2, Sopela
    20:00 Maddalen Arzallus eta Aitor Sarriegi, eta Gibelurdinak. Udal-pilotalekutik.
  • Abenduak 3, Urduliz
    13:00 Sustrai Colina eta Uxue Alberdi.
  • Abenduak 10, Getxo
    18:00 ALBE Gala. Jolastoki jatetxea.
  • Abenduak 16, Plentzia
    19:30 Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze, eta Oxabi. Elizako plazatik.
  • Abenduak 30, Erandio
    20:30 Julio Soto eta Alaia Martin. Altzagako La Plaza tabernatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun