Euskarak 365 egun

Euskarari gorazarre bateratua egingo diote Gorlizen eta Plentzian

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 1a, 15:45

Plentziatik abiatuko dute ibilbide kulturala.

Urtero-urtero, Euskararen Eguna ospatzen da nazioartean abenduaren 3an. Hori dela-eta, aurten ere euskaldunon hizkuntzari gorazarre egiteko hamaika ekitaldi egongo dira han eta hemen. Eskualdean ere jarduera asko antolatuko dira egun horri begirakoak. Gorlizek eta Plentziak, berbarako, Euskara Agendari esker, egun osoko egitarau bateratua egingo dute abenduaren 3an, zapatuan.

Goizeko 10:00etan emango diote hasiera euskararen aldeko egitarauari. Ordu horretan kultur ibilbideari ekingo diote, Plentziako turismo-bulegotik abiatuta. Ostean, 11:30ean, udalerri bereko portuko enparantzan omenaldia egingo diote euskarari; horren ondoren, Gorlizera hurreratuko dira. Hango Gaztegunearen parean, 12:30ean, egingo dute gorazarre-ekitaldia. Euskara omendu eta gero, jai-giroa izango da nagusi Gorlizen, 13:00etan triki-kalejira abiatuko dute-eta, Ibarreta enparantzatik.

Horren guztiaren ondoren herri-bazkaria egitea aurreikusita bazegoen ere, azkenean bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Hartara, herri-bazkaria eta horren ostean aurreikusitako ikuskizuna ez dira egingo.

Egitaraua

Abenduak 3, zapatua

  • 10:00 Kultur ibilbidea egingo dute, Plentziako turismo-bulegotik hasita.
  • 11:30 Plentziarren euskarari omenaldia, portuko enparantzan.
  • 12:30 Gorliztarren euskarari gorazarrea, Gaztegunearen parean.
  • 13:00 Triki-kalejira egingo dute, Ibarreta enparantzatik hasita.
  • 15:00 Herri-bazkaria, Gorlizko Eleiz plazan. (BERTAN BEHERA)
  • 18:00 Txan magoaren ikuskizuna. (BERTAN BEHERA)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun