Nekane Balluerka EHUren errektorea izango da eguaztenetik aurrera

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 10a, 17:13

EHUko errektorea. © NEKANE BALLUERKA

Nekane Balluerkak Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) errektore kargua hartzeko ekitaldia egingo dute eguazten honetan, urtarrilak 11, eguerdiko 12:00etan, Ajuria Enea jauregian, Gasteizen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ekitaldiaren buru izango da, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak lagunduta.

Gainera, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarraren presidentea, Iñaki Goirizelaia EHUren orain arteko errektorea eta EHUren lehengo zein oraingo errektore taldeetako kideak egongo dira ekitaldian. Horrez gainera, Jose Maria Guibert eta Vicente Atxa, hurrenez hurren, Deustuko eta Mondragon unibertsitateetako errektoreak ere izango dira.

Ekitaldia hasteko, Urkulluk errektore izendatzeko dekretua irakurriko du, eta jarraian, Balluerkak karguaren zina egingo du. Ondoren, errektore izendatu berriak eta Jaurlaritzako lehendakariak berbaldi labur bana emango dute; eta jarraian, Ajuria Enearen eskaileretan talde argazkia aterako dute.

Nekane Balluerka (Ordizia, Gipuzkoa, 1966) Portaera Zientzien Metodologia jakintza arloko katedraduna eta Psikologia Fakultateko irakaslea da. Azken lau urteotan Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea izan da, eta aurretik EHUren kudeaketan hainbat ardura izan du. Eguaztenean kargu berria hartuko du, eta horrela, EHUren emakumezko lehen errektore hautatua izango da (Arantza Mendizabal jarduneko errektorea izan zen 1985eko maiatzaren 27tik 1986ko urtarrilaren 21era arte).

Psikologia Fakultateko irakaslea azaroaren 24an egindako hauteskundeetan hautatu zuten, emandako botoen %66,31 lotuz. Unibertsitateko kideek hautatzen dute errektorea, sufragio orokor haztatuaren bidez. Hautagai bakarra egon zenez, hautatua izateko, emandako botoen herena lortu behar zuen egin beharreko haztapenak eginda.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun