Abenduan ipinitako salaketan biktimak azaldu zuenez, pasa den urrian gizon bat kanporatu zuten tabernatik, bezero bati arazoren bat sortzeagatik. Abenduaren 26an, gizon hori ostatura bueltatu zen, bertan bezerorik ez zegoela. Sartu bezain laster, burukada bat eman eta laban bategaz aurpegian zenbait zauri egin ziola salatu zuen ostalariak. Gainera, heriotza-mehatxuak ere jaso zituela nabarmendu zuen tabernariak.
Une batean, zerbitzariak lortu zuen lokaletik alde egitea eta erasotzailea barruan ixtea. Biktimak Polizia deitzen zuen bitartean, gaizkileak aulki batez leihoa apurtu eta ihes egin zuen. Leioako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak lekukotasunak bildu eta ikerketa abiatu zuten pasa den eguaztenera arte. Ertzaintzaren ustean, herenegun atxilotutako gizona abenduaren 26ko erasotzailea ei da.