Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak azaldu duenez, papera eta kartoiaren gaikako bilketa-zerbitzuaren segimendu "sakona" egin dute, eta horri esker, 2016ko urtarrilean kontratua hasi zenetik, zerbitzu horrek "hutsune garrantzitsuak" dituela egiaztatu dute; "egoera hau gaizkiagotu zen udan bereziki". Horren ostean, joan den urteko azaroaren 25ean enpresa-arduradunagaz kontratuaren ebazpena sinatu zuten.
Hori dela-eta, papera eta kartoiaren gaikako bilketa-zerbitzu elkartua kontratatzeko prozedura-agiriak prestatzeko azken fasean dago orain Mankomunitatea. Hartara, lizitazio berria izan arte, gaur egun kontratua duen enpresak zerbitzua egoera berdinean eskaintzera "derrigortuta" dagoela ohartarazi dute arduradunek, "kontratazioa beste era batera egitea ezinezkoa da-eta".
Halaber, bilketa-zerbitzuak eragindako arazoak zuzentzeko neurririk hartu ez izana ezeztatu du Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak. "Ordezkari politikoek eta teknikoek zerbitzua uzten duen enpresagaz eguneroko harremanak izan dituzte, momentu oro, zerbitzu egokia betetzea behin eta berriz eskatuz eta herritarren ongizateaz arduratuta beti", gaineratu dute.