Hartutako erabakiaren arabera, urte honetatik aurrera gizarte bazterkeria-zerbitzua egongo da martxan Getxon eta Mankomunitateko udalerri denetan: Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz.
Zerbitzua iraupen laburrekoa eta intentsitate baxukoa da, eta bazterkeria handiko egoerei aurre egiteko balioko du. "Behar duenak eta zerbitzua aprobetxatu gura duenak gaua eman ahal izango du bertan", azaldu du Anabel Landa Mankomunitateko presidenteak eta Berangoko alkateak.
Neurria behin-behinekoa dela zehaztu dute, "behin betiko proiektua eta kokapena ezarri arte". Anabel Landak zehaztu duenez, "gauero hiru lagun joan ohi dira aterpetxera". Joan den urtarrilaren 4tik hona edukiera handiena izan duen eguna bost pertsonakoa izan da.
"Berangok poz handiz hartu du zerbitzu hau; alkate guztiok pozik gaude giza balore handiko zerbitzu hau emateaz", esan du Landak. Bere aldetik, Imanol Landa Getxoko alkateak ere bere konpromisoa eta poztasuna agertu du Mankomunitateko udalerri denakaz egindako lanaz, "gizarte bazterkerian dauden pertsonei laguntzeko asmoz".