Denboraldi berriko Lointek Team txirrindulari-taldeak nobedade gehienak ezagutarazi ditu daborduko. Tropel laranjaren kide gehienak berberak izango dira, aurten maillota zuriagoa izan arren. Hala, Dori Ruanok zuzendari izaten jarraituko du; era berean, orain arteko honako hamar txirrindulariek errepikatuko dute: Eider Merino, Alba Teruel, Alicia González, Lucía González, Anna Ramírez, Belén López, Cristina Martínez, Elisabet Llabrés, Empar Fèlix eta Gloria Rodríguez.
Eurekaz batera, Ruanoren agindupean egongo dira hiru txirrindulari berri hauek ere: Ziortza Isasi 21 urteko elorriarra, gaur egungo Euskadiko txapelduna erlojupekoan; Beatriu Gómez txirrindulari katalana, 29 urtekoa; eta Natalia Fischer 23 urteko andaluziarra. Fischer txirrindularitza profesionalera heldu berri da; aurretik triatloian eskarmentu handia eta garaipen bete zakua ditu. Txirrindularitzan estreinatu zenean, Castelloko Font de la Reinako erlojupeko igoera irabazi zuen.
Horrenbestez, aurtengo taldea txikiagoa izango da, "baina aurreko urteetako maila mantenduko dugu", azaldu du Emilio Ramos Ugeraga klubeko presidenteak. 13 txirrindulariek Flandrian (Belgika) abiatuko dute denboraldia, otsailaren 25ean, Omloop Het Nieuwsblad klasikan. Halere, erronka nagusitzat izendatu dituzte Euskaldun Txapelketa, Euskal Emakumeen Bira eta Espainiako Kopa.
Sopela-Ugeraga
Sopela-Ugeragak hiru talde izango ditu denboraldi honetan, 23 urtez azpikoa gehituko baitzaie kadeteen eta gazteen taldeei. Denera, 22 txirrindulari izango dira, Miriam Gardachal buru.