Hori dela eta, aspaldi duten kezka eta jakin-mina piztu zaie Azkue Fundazioko langileei. Jakin badakite, gainera, "euskalgintzan eta internet alorrean dagoen kezka dela". Euren berbetan, "ez dago euskarazko blogintzaren egoera islatzen duen ikerketa edo azterketarik; informazio falta handia dago alor honetan". Horregatik inkesta publiko bat egitea pentsatu dute.
Zer bilatzen da inkesta egiteagaz?
Azkue Fundazioaren asmoa da inkesta ahalik eta euskaldun-hiritar kopuru handienari helaraztea; eta, horrela, erantzun kopuru handia jasotzea. Datu horiek baliagarriak izango dira arlo honetan lan egin eta ekiten duten eragile denentzat: blogariak, irakurleak orokorrean, interneteko garatzaileak, erakundeak…
Ahalik eta erantzun gehien izatea lortu gura dute; "horrela, ikuspegi erreal eta zabala lortuko dugu eta informazioa benetan baliagarria bilakatuko da", azaldu dute Azkue Fundazioko kideek. Euren ustez, "zenbat eta inkesta kopuru gehiago lortu, emaitza aberatsagoa eta osatuagoa izango da. Lortutakoa egoera errealaren isla izango da".
Egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan ipini ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria bilakatuko ei da inkesta.
Inkesta honelako galderei erantzuten saiatuko da: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Zelan daude garatuta? Etekinik sortzen dute?
Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekaz? Irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?
Inkestaren ezaugarriak
Inkesta hau publikoa izango da eta Azkue Fundazioak bere ohiko komunikazio baliabideen bidez zabalduko du.
Inkesta gizarte osora zabalik dago, hau da, edozeinek bete dezake; edozein blogarik edo blogen kontsumitzailek, nahiz eta blogik ez izan; sarean ibiltzen den edozein euskaldunek, alegia. Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin gura da: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; baina baita irakurle, edo kontsumitzaileok zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutu eta zein behar sumatzen ditugun jakitea ere.
Blogetan! lehiaketa
Bestalde, Azkue Fundazioak "Blogetan! Euskal blogariak lehian" egitasmoaren bigarren edizioa ipini du martxan duela gutxi. Lehiaketa honetan "Argia" aldizkaria dauka laguntzaile. Helburua euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustatzea da. Hala, otsailaren 13ra arte proposatu ahal izango dira blogak; "edozeinek aurkez dezake gustukoa duen bloga lehiaketan parte hartzeko, nahiz eta horren jabea edo idazlea ez izan", antolatzaileek argitu dutenez. Irabazleak Bernat Vidal artistak diseinatutako garaikurra jasoko du; herritarren eta epaimahaikideen botoakaz aukeratuko dute.