Lehenengo hitzordua Azebarri kultur elkarteak ipini du, txokoan bertan. Zapatuan, "Hitz margotuak" olerki-liburuaren aurkezpenagaz batera, bertso-saio poetikoaz eta lunchaz gozatu ahal izango da. Karlos Aretxabaleta, Mikel Sebasten Manso eta Jon Saez Amorrorturen lana da Hitz margotuak; bizkaiera eta galdutako Erronkariko euskalkia erabili dituzte idatzitako 40 olerki ilustratuetan.
Martitzenean, ostera, literatura-saio bi izango dira eskualdean. Alde batetik, "Contraviaje: de Nueva York a Gernika, pasando por Berlín" liburua aurkeztuko du Arantzazu Ametzaga idazleak berak, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Bingen Amezaga idazle eta zinegotzi algortarraren alaba da sortzailea eta Argentinako Ekin argitaletxeagaz kaleratu du lana; Jose Antonio Agirre lehendakariaren ihesean oinarritu du liburua. Beste alde batetik, Nieves Concostrina kazetari madrildarraren "Antonia" lanaren gainean berba egingo dute Astrabuduko irakurle-klubean; gerraren osteko miseria bizi zuen belaunaldiaren erretratua egin du Concostrinak, benetako historia bat oinarri hartuta.
UKITXen berbaldia
Eguenean ere, beste liburu biren artean erabaki behar izango dute literaturazaleek. Sopelan, Patxi Larrionen "Feriatzaileak" izango dute berbagai. Patton filmaren errodajean kokatuko gaitu egileak, Urbasan eta Iruñean, anbizio eta traizioaren kontakizun bizi batean. Algortan, ostera, Lourdes Oñederra idazleak erantzungo die "Intemperies (babes bila)" bere lanaren gainean zaleek egingo dizkioten galderei. Egizuk ipini du hitzordu hori, Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoaren barruan.
Hurrengo ekitaldiak
Otsailak 18, zapatua
- 19:00 Hainbat egileren Hitz margotuak liburuaren aurkezpena, Algortako Azebarri kultur elkartean.
Otsailak 21, martitzena
- 19:00 Contraviaje: de Nueva York a Gernika, pasando por Berlín aurkeztuko du Arantzazu Ametzagak, Villamonte kultur etxean.
- 19:30 Nieves Concostrinaren Antonia gaztelaniazko liburuaren gaineko berbaldia, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean.
Otsailak 23, eguena
- 19:00 Patxi Larrionen Feriatzaileak nobelaren gaineko elkarrizketa, Sopelako Kurtzio kultur etxean.
- 19:30 Lourdes Oñederrak Intemperies (babes bila) bere lana berbabide izango du Algortako Villamonte kultur etxean.