Sakonean

Ur-bazter batetik bestera

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko ots. 16a, 10:43

Altzaga eta Barakaldo arteko gasoliozko batela. HODEI TORRES

Altzagako eta Portugaleteko gasoliozko batelez gurutza daiteke oraindino itsasadarra. Gaur egun, zerbitzu horiek biak baino ez dira geratzen; garai batean, hamabi txalupa zeuden alde batetik bestera itsasadarra zeharkatzeko.

Garai batean, San Anton zubia zen itsasadarraren alde batetik bestera igarotzeko azpiegitura bakarra. Zubi gehiagorik ez zegoen bazter bien artean; izan ere, kontuan hartzekoa da 1893ra arte ez zutela Bizkaia Zubia martxan ipini, Areeta eta Portugalete artean. Teknologiak aurrera egin ahala, pasabide gehiago ipintzen hasi ziren. Hala ere, adibide bat ipintzearren, Salbe zubia (ofizialki, Espainiako Printzeak zubia) ez zuten 1972ko urtarrilaren 9ra arte zabaldu. Hala, ia XIX. mendera arte, "17 kilometroan behera, ez zegoen itsasadarraren alde batetik bestera igarotzeko modurik, ura zeharkatuz ez bazen", azaldu du José Manuel Matés Luque itsas arkeologoak. Bere berbetan, "ertz biak hurbil samar daude. Beraz, ez zeukan zentzu handiegirik Bilboraino joateak, Santurtzitik Getxoraino edo alderantziz igaro gura izanez gero, behintzat".

Areeta eta Portugalete arteko ontzia 1757an hasi zen bidaiariei zerbitzu egiten; baina, "askoz lehenagotik existitzen ziren itsasadarraren alde batetik bestera igarotzeko batelak", Matés Luqueren arabera. Batetik, 1511n, Espainiako koroak Bilboko Kontsulatuari eskumena eman zion Gaztelan sortzen zen Merino artilea Europako iparraldeko herrietara esportatzeko. Modu horretan, Iberiar Penintsulan iparraldeko porturik garrantzitsuena bihurtu zen Bilbo. Horrez gainera, inguruko oletan sortutako burdina Ingalaterrara, Holandara eta beste hainbat herrialdetara eroaten zuten. Hori dela eta, "pertsonak eta merkantziak garraiatzeko ontzietarako azpiegitura egokiak behar zituen Bilbok", nabigazio-ikertzaile basauriarrak esan duenez. Horregaz batera, ontzigintza-jarduera handitu egin zen: besteak beste, Zorrotzako Errege Ontziola zabaldu zuen Espainiako koroak, 1615ean. Horiek denek ertz batetik bestera joateko garraiobideak sortzen lagundu zuten; batelak beharrezkoak ziren itsasadarra zeharkatzeko.

Bestalde, XIX. mendearen amaieratik aurrera, Espainiako probintzia askotako lagunak erakarri zituen industrializazioak, Bilbora eta inguruko herrietara. Matés Luquek dioenez, XX. mende erdialdean areagotu egin zen kanpotarren etorrera; "izan ere, 36ko Gerraren amaieraren osteko urteak gogorrak izan ziren hainbat probintziatan. Espainiako lurralde asko guztiz suntsituta geratu ziren; ostera, itsasadarraren inguruko fabrikek langileak behar zituzten ekoizten jarraitzeko", aipatu du etnografia-ikerketetan adituak. Bilbo aldean ez ezik, Uribe Kostako hainbat herritan ere altxatu ziren beharginentzako etxebizitzak; berbarako, Itzubaltzeta/Romon, Etxe merkeak izenagaz ezagunak dira, gaur egun.

Beharginen garraiobideak

Horrenbestez, guztiz beharrezkoa zen bestelako azpiegiturak sortzea: trenbideak, errepideak eta itsasadarreko alde biak lotuko zituzten zubiak, berbarako. Hori dena jazotzen zen bitartean, gasoliozko bateletan joaten ziren langileak fabriketara. "Gutxi gorabehera, garai hartan ipini zieten gasoliozko motorra ontziei", Matés Luquek azpimarratu duenez. Ezkerraldearen eta Eskuinaldearen arteko bereizketa ere orduan hasi zen nabarmenagoa egiten. Ikertzaileak dioenez, "gehienbat, aldeetako batean sortu ziren langile-auzo handiak; beste aldean, ostera, burgesiak zeukan bizilekua". Horiek denak elkarregaz harremanetan ipintzea guztiz beharrezkoa zen, basauriarraren esanetan; horretarako zeuden bazter bien arteko txalupak. Gainera, ezin dugu ahaztu itsasadar osoa bete zutela Euskalduna edo La Naval bezalako ontziolek, ezkerreko zein eskumako aldean. "Egunero behargin mordoa joaten zen alde batera zein bestera", Matés Luquek aipatu duenez. Itsasoko arkeologoak frogatu ahal izan duenez, Bilbo Zaharretik Areetaraino, itsasadarra zeharkatzeko ontzietarako hamabi geraleku zeuden, Bilboko eta Bizkaiko industriagintzaren garairik oparoenetan. Baina, 1980ko hamarkadan, Ezkerraldea eta Eskuinaldea gogor astindu zituen desindustrializazioak; lantegi asko itxi behar izateaz gainera, itsasadarraren bazterretan zeuden gasoliozko bateletarako geraleku gehienak desagertu ziren.

Gaur egun, Ibaizabaleko urak, ontziz, alde batetik bestera zeharkatzeko, garraio-enpresa bi baino ez dira geratzen: Boteros del Nervión sozietate mugatua arduratzen da, 2007az geroztik, Altzaga (Erandio) eta Barakaldo arteko bidaiak egiteaz. Bestalde, Portugaleteko Txalupa-gidarien Elkarteak egiten ditu Areetarainoko ibilbideak, eta alderantziz. Enpresa bien egoera "ez da pozik egoteko modukoa", arduradunek aitortu dutenez. Antonio Gerreiro Martínezek azaldu duenez, Erandio eta Barakaldo arteko ontzia 1906tik martxan dago. "Arrazoia bata edo bestea zela, enpresa askok zerbitzua emateari utzi zioten, eta beste batzuek hartu zuten horien lekukoa", gaineratu du gasoliozko batel-gidariak eta enpresa-gizonak. Beste lankide bategaz sortu zuen Boteros del Nervión sozietate mugatua, 2007an.

Gerreirok aitortu duenez, "orain dela 35 urte, hona etorri nintzenean, 32 lagun geunden lanean. Orain, bi baino ez gara". José Manuel Matés Luque ikertzaileak azaldu legez, industriaren birmoldaketagaz hasi ziren nabaritzen bidaiarien jaitsiera, Altzagako ontziralekuan. Gerreiroren berbetan, "1987an, egunero 12.000 eta 18.000 lagun igarotzen ziren itsasadarretik, Erandio eta Barakaldo artean. Lau txalupagaz ibiltzen ginen aldi berean; gainezka zihoazela". Horietatik denetatik bi mila lagun ARN ontziola erandioztarrera ei zihoazen. Ostera, Barakaldora bidea hartzen zuten gehienek Bizkaiko Labe Garaietan lan egiten zuten. "Gaur egun, 250 bidaiari inguru izaten ditugu egun bakoitzean", adierazi du pena handiz Boteros del Nervióneko arduradunak.

Ordutegiei dagokienez, astelehenetik barikura, 05:30etik 21:30era zerbitzu egiten die bidaiariei Altzagako gasoliozko batelak; beste ontzi bi dauzkate. Aste-akabuetan, ostera, txangoak, urtebetetzeak, ezkondu aurreko agurrak eta bestelako jarduerak egin ohi dituzte. Abuztuan, besteak beste, Aste Nagusian, egunero ateratzen dira su artifizialak ikustera. "Halako ekitaldiengatik ez balitz, bost urte eroango lituzke ur-bazterrean txalupak", aitortu du Gerreirok. Izan ere, batel-gidariak esan duenez, enpresa zabaldu zutenetik ez dute ohiko bidaiaren salneurririk aldatu: orain dela 10 urte legez, 1 euro ordaindu behar du Erandiotik Barakaldora (edo alderantziz) igaro gura duenak. Bestalde, 30 bidaia egiteko txartela ere badaukate, 27 euroan (0,90 euro bidaia bakoitzeko). "Salneurriak igotzekotan ez genuke bidaiaririk izango; etxera joan behar izango genuke", dio Gerreirok.

Areeta eta Portugalete arteko gasoliozko batela. HODEI TORRES

Bizkaia Zubia, lagun

Areeta eta Portugalete arteko txalupak 1757an hasi ziren zerbitzu hori egiten; garai hartan, zazpi pertsonarentzako edukiera zeukaten ontziak erabiltzen zituzten; 1900. urtean 14 lagunentzako leku-kopurua zeukaten arraun-batelakaz hasi ziren. Portugaleteko Txalupa-gidarien Elkartearen gerentea den Juanma Hernández Santa Maríak azaldu duenez, urte hauetan guztietan ez dute ezelako lehiarik eduki Bizkaia Zubiagaz; historiari begiratzea besterik ez dago. 1936ko Gerran suntsitu egin zuten zubia eta ezin erabili izan zuten 1941era arte. Hala, Portugaleteko Udalak motordun txalupak ipini zituen; bidaiariak diru-truke garraiatzeari ekin zion, alde batetik bestera. Aurrerago, gerra ostean, agintari portugaletetarrek batelez arduratzeari uko egin zioten; ondorioz, txalupa-gidarien elkartea sortu zen, 1969an. Aipatzekoa da Bizkaia Zubiak matxura bat daukan bakoitzean bertan daudela gasoliozko batelak, laguntzeko prest.

Ez dago sasoirik onenean Areeta eta Portugalete arteko ontzia. Hernándezek azaldu duenez, "orain dela 27 urte hasi nintzen hemen beharrean, eta orduan, jendez gainezka zihoazen erabiltzen genituen lau txalupak; gaur egun, ostera, bidaiariak noiz etorriko zain egon behar izaten dugu". "Euskal Herria" ontzia ere eurek kudeatzen dute. Batel-gidariaren eta enpresa-arduradunaren berbetan, lehen bi mila bidaiari eroaten zituzten, egun bakoitzean. Erabiltzaile-kopurua zergatik jaitsi den galdetuta, Hernándezek oso argi erantzun du: "fabrikak ixteak eragin handia izan zuen; baina, kalte handiagoa egin digu beharbada Metro Bilbaoren bigarren linea zabaldu izanak". Trenbide hori 2002ko apirilaren 13an zabaldu zuten, baina 2005eko urtarrilaren 8ra arte ez zen Portugaleteraino heldu. "Jendea nagiago bilakatzen da. Metroa etxe ondoan edukita, ez dute honaino jaitsi gura", aitortu du nahigabez txalupa-gidariak. Areeta eta Portugalete arteko gasoliozko ontziak ondoko ordutegia dauka: astelehenetik barikura, 05:45etik 22:1oera; zapatuetan, 08:00etatik 22:10era; eta domeketan, 10:00etatik 22:00etara. Bidaia bakoitzeko txartela 0,35 euroan dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun