Gorliz eta Plentzia udalerrietan kultur programazioa eta eskaintza nahikoa ez delakoan, herri horietako lau artista elkartu dira horren guztiaren norabidea aldatzen ahalegintzeko; eta Kultura Elkarrekin Aurrera (KEA) plataforma sortu dute. Musika, antzerkia, dantza, poesia eta beste hainbat diziplinako artistek osatzen dute taldea, eta euren helburua da udalerri bi horietako «bizitza kulturala sustatzea eta iraultzea».
Plataformako kideek deitoratu dutenez, Gorlizen eta Plentzian «eragozpen handiak» daude kulturagaz lotutako edozer gauza antolatzeko. «Alde batetik, ez dago inolako aretorik, ez dago leku itxirik, eta zerbait egitekotan, kalean egin behar izaten dugu beti. Gainera, ez dago programazio koherente bat udalerri bien artean», azaldu du Iñaki Lagos biolin-joleak. Hori guztia dela eta, Alex Ygartua antzerkigilea eta Zuria Bolaños dantzaria batu zitzaizkion Lagosi eta zentro kultural baten beharra zegoela ikusi zuten. Ondoren, Lucy Sepulveda poeta batu zitzaien aldarrikapen horretan, eta KEA plataforma sortu zuten. Daborduko Gorlizko eta Plentziako udalakaz batu dira, zentro kultural horren premia aldarrikatzeko. Proposamena aintzat hartu dute udal biek, eta bideragarritasun-txosten bat egiten hasiko dira laster, kulturgunea egiteko aukerarik dagoen edo ez jakiteko. «Ekainera arte egongo dira ikerketak egiten, eta ondorioak irail aldera ematea aurreikusten da», azaldu dute KEAkoek.
Gorlizko eta Plentziako udalakaz batzeaz gainera, udalerri bietako auzotarrakaz ere harremanetan ipini dira kulturaren aldekoak. Joan den martitzenean, hilaren 14an, Gorlizko auzokideakaz egon ziren; bihar, hilaren 21ean, berriz, plentziarren txanda izango da. Hitzordua arrastiko 07:00etan ipini dute, Goñi Portalen. «Garrantzitsuena da jendearekin harremanetan egotea. Bilera irekiak dira; izan ere, gure asmoa da bi herrien artean lan egitea», jakinarazi dutenez.
Kulturaren «beharra»
Zentro kulturala izateko prozesua luzea izango dela aitortzen dute KEA plataformakoek. Halere, udalerri bietan kultura bultzatzeko sala, areto edo gune alternatibo bat izatea beharrezkoa dela uste dute, «Bilbon dagoen Pabiloi 6 gunea bezalakoa». Euren ideia da lekua izatea kultur programazio finko bat izateko, «taldeak ekartzeko, jendeak antzerkiak ikusteko, eta abarrerako. Interesgarria izango litzateke herriarentzat, baita hemengo elkarteentzat ere, euren tokia izango luketelako», azaldu dute. Horrez gainera, hezkuntzari ere garrantzia eman gura diote lau artistek. Izan ere, balizko areto horretan kulturari lotutako eskolak ematea ere aurreikusi dute.