Gero arte, Berango maitea

Juan Luis Mugertza 2017ko ots. 17a, 17:32

Mastiganeren gutuna:

Azkenean, neuri ere alde egiteko ordua heldu zait. Baliteke oso urrutira joatea, edota inguruan gelditzea, zuengandik gertu, baina, mesedez, ez etorri agurtzera. Izan ere, bakar-bakarrik egin nahi dut bidaia, patxadaz. Gainera, ez dut negar malkorik nahi. Hori bai, abiatzear dagoen bidaia honetarako ez dut gauza handirik eramango. Soinean jantzitakoa baino ez dut eramango, gainontzekoa, hots, traba baino egiten ez duena bertan utziko dut zuentzat, familiakoentzat. Arren, ez haserretu banatzean, goitik begira izango nauzue eta.

Oraindik ez dakit lehenengo, bigarren… klasean joango naizen, ezta nire bidelagunak nolakoak izango diren ere. Ez dakit. Hori gerotxoago jakingo dut: laster batean. Bidaiaren bukaeran itxoiten egongo direnak ere, ez dakit nongoak izango diren. Itxura denez, horrelako bidaietan mundu osotik etorritakoak batuko gara. Aldamenean euskaldunik izango dut, ezta? Izan ere, nire ingelesa… “I´m Masti Gane and…”. Hori dela eta, oso bidaia bitxia eta aberatsa izango da noraezean eramango nauena. Behin bakarrik burutu daitekeen horietakoa izango baita. Abenturazale handienek egiten dutenen antzekoa: bertan hasi, baina bueltarako pista handirik ematen ez duena. Ea zorterik dudan eta Kastro, Hugo Chavez, Periko Solabarriarekin… egoten naizen. Halarik ere, dena ez da politika izango. Behin honaino etorriz gero, saiatuko naiz atseden pixka bat hartzen, eta sasoi batean bezala perretxikoetara joaten, eta txakolina, noiz edo noiz, edaten. Hori bai, badaezpada, joan-etorritako txartela erosiko dut, ze bertako giroa ez bazait gustatzen, berriro bueltatuko naiz zuenera. Beno, ni banoa, eta zuek… irribarre egin, hori hortzak erakusteko modua da eta.

Imanol Rodriguez Basauri Mastigane

(1953-2017)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun