Era berean, "bizkaitarrei kirola egiteko eskubidearen jarduera modu egokian bermatzeko", Bizkaiko kirolaren "kalitatea hobetzeko" eta federazioen jarduera dinamizatzeko helburuak ere badauzka foru laguntzak.
BKFEri diru-laguntza bat emateko erabaki horren bidez, Aldundiak konfederazio-jarduera dinamizatzeko konpromisoa landu gura du, honako hauek eginez: federazioen egiturak eguneratu, kirol-federazioen eragina eta eraginkortasuna hobetu, federazioen zerbitzuak bikoiztea saihestu, federazioetan elkartutako erakunde eta pertsonei informaziorako sarbidea erraztu, federazio-zerbitzuak elkartu, ekonomia-baliabideak optimizatu (federazio bakoitzaren administrazio-gastuak murrizteko, eginkizun administratiboak federazio denak bere baitan elkartuko dituen erakunde baten bidez eginez), federazioetako pertsonak trebatu eta Bizkaiko kirol federazioen egunerokotasunean euskararen erabilera txertatzea lortu, besteak beste. Azken batean, "Bizkaiko kirol federatuaren kalitatea hobetzea du helburu, federazioek eskainitako kalitatea eta zerbitzu ezberdinak hobetuz", foru iturriek azpimarratu dutenez.
Horrenbestez, Aldundiaren ustez, "bat datoz Bizkaiko Foru Aldundiak interesgarritzat jotako helburuak eta Bizkaiko Kirol Federakundeen Elkartearen jarduna; eta azken hori, gainera, bultzatu egin beharra dago".
Horren haritik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak egoki ikusi du "Bizkaiko Kirol Federazioen Elkarteari diru-laguntza bat ematea, Bizkaiko kirol-federazioen baliabideak optimizatzen eta 2017. urtean Bizkaiko kirola garatzen egingo duen lanean laguntzeko".
Bizkaiko Foru Aldundiak interesgarritzat jo du kirola sustatzeko helburu komuna lortzeko Lurralde Historikoko kirol-federazioek laguntza tekniko egokia eta beharrezko baliabideak izatea, "eta BKFEk laguntza handia eskaintzen die arlo horretan federazioei". Hala, eta elkarte horren helburuakaz bat etorrita, Aldundiak "Bizkaiko kirolaren interesak defendatu, Bizkaiko kirolaren garapenean eta hobekuntzan lagundu eta kirola sustatu, bultzatu eta zabaldu" gura izan du. Erakunde bien arteko elkarlana 1994an hasi zen.