Ospakizun honen bueltan, Tostan bat egin duten gainerako hizkuntza-komunitateetan ere (Galizia, Irlanda, Eskozia, Kornualles, Gales eta Frisia) aurkeztuko dira datozen egunetan "Gida ez-perfektua" eta "Tosta" filma, tokian tokiko hizkuntzetan.
Gida ez-perfektua
Zazpi hizkuntzatako eragileen arteko elkarlan ekimena izanik, Tostak hasieratik izan du hizkuntzen kudeaketarako plan bat bere baitan; Euskaltzaleen Topaguneak garatu du. Egitasmoan zehar hizkuntzak erabiltzeko, konbinatzeko eta itzultzeko irizpideak ezarri ditu, eta bidean ikasteko eta erronkak identifikatzeko tresna ere izan da. Beraz, aurkeztutako gida nazioarteko kultur harremanen praktiketarako eta praktiketatik sortutako hizkuntza-kudeaketa proposamena da, Topaguneak idatzitakoa hau ere. Tosta esperientziatik ateratako ikasgaiak bildu dira, nazioarteko proiektuetan dabiltzan eta hizkuntza gutxituekiko errespetuzko kudeaketa sustatu gura duten kultur eragileentzat baliagarria izan daitekeelakoan.
Deskargatu hemen "Gida ez-perfektua"-ren zati bat.
"Tosta". Dokumentala
Atlantikoan barrena bidaiatzen ibili den enbaxadaren kronika da Jorge Fernandez Mayoral zuzendariaren lana. Gure ozeanoak bustitzen dituen hizkuntza-komunitate gutxituen errealitateak islatzen ditu. Proiektuan bidaia-lagun izan direnen lekukotzen eskutik, eta arte-diziplina anitzen bitartez, txikien arteko elkarlanaren handitasuna adierazten du. Tostak bidaian aurkitutako hizkuntza guztien doinuak jaso ditu lanak. Euskarazko azpidatziakaz emango da eta ordu beteko iraupena dauka.