Bizkaiko Foru Aldundiaren foru agindu baten bidez, Bizkaia Kirolak sarien 2017ko edizioaren deialdi publikoa onetsi da, Bizkaiko lurralde historikoan jarduera fisikoa eta kirola bultzatzen eta sustatzen eginiko lanetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen aipamen berezia egiteko. Honetan, oinarrizko kirolaren arlorako izango dira sariak.
Bizkaia Kirolak 2017 sarien helburua da 2016. urtean kirolaren arloan eginiko lana publikoki aitortzea. Edizio honetan, Foru Aldundiak "urterik urte emaitza bikainak lortzen dituzten Bizkaiko kirolariak omendu" gura ditu; horretarako, oinarrizko kirolean egiten den lana sarituko du.
Bizkaia Kirolak 2017ko edizioan, 1996 eta 2001 urteen artean jaiotako kirolari bizkaitarrek lortutako merituak sarituko dira, bai eta oinarrizko kirolari emandako laguntzagatik nabarmendu diren laguntza-teknikariak eta erakundeak ere. Sarietan, sei kategoria daude: taldeko kirola, banakako kirola, binakako kirola, oinarrizko kiroleko arbitroa, oinarrizko kiroleko entrenatzailea eta kategoria honetan kirola garatzen lagundu duen erakundea.
Horrez gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak aipamen bereziak eman ahal izango ditu Bizkaiko kirol-sisteman eginiko lana aitortzeko.
Hautagaiak aurkezteko epea datorren martxoaren 3ra arte egongo da irekita. Edozein pertsonak edo erakundek aurkeztu ahal izango ditu hautagaiak (bat edo batzuk); idatziz egin beharko du beti, posta elektronikoz edo paperez, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Saileko Kirol Zerbitzura igorri. Helbideak dira kirolak@bizkaia.eus eta Rekalde Zumarkalea, 30, 1. solairua. Bilbo.