Elkartasuna eta kirola uztartuko dituela iragarri zuen Panda Raid Bizkaia taldeak, Sopelan egin zuen aurkezpenean; seikoteak martxoan egingo du distantzia eta erresistentzia handiko Marokoko Panda Raid probako ibilbidea, baina ez dira lehiatuko. Izan ere, taldekideek uste dute aurten elkartasun-probak muzin egin diola ohiko izpirituari. Horregatik, Afrikara eroateko materialak jasotzen dabiltza, euren kabuz; daborduko 150 kilo batu dituzte: koadernoak, margoak, liburuak, higiene-produktuak, betaurreko graduatuak eta abarrak. Basamorturaino eroango dituzten hiru Panda Marbella modeloko autoetan sartuko ez dena Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak garraiatuko du hegazkinez. Hala, bizkaitarrei eskatu diete Marokoko jende behartsuena laguntzeko produktuak eman ditzaten: arropa, zapatak, jostailuak, eskolarako materiala, besteak beste.
Taldeko hiru partaide sopeloztarrak dira, Luis Miguel Eguiluz, Iker Ortega eta Carlos Pérez; eta beste bat, algortarra, Koldo Uria. Seikotea osatuko dute Alfredo Varela santurtziarrak eta Unai González trapagarandarrak. Ideia taldeko lau suhiltzaileek izan zuten, hasieran; beranduago batu ziren Pérez eta Uria.
Martxoaren 4tik 11ra egingo da Marokoko Panda Raid rally-amateurraren 9. edizioa, Nador portutik Marrakex hirira; antolatzaileen arabera, 300 taldek egin dute inskripzioa basamortuko 4.000 kilometro horiek gurutzatzeko. Ostera, Panda Raid Bizkaia taldeak martxoaren 7tik 17ra egingo du bere ibilbidea, Merzouga herriraino, Marokoko hego-ekialdean. Gainera, 7 egunean egin beharrean, 10 egun emango dituzte bidean: egun bi emango dituzte Marokora jaisten, sei egun basamortua gurutzatu eta laguntza banatzen, eta, beste bi egun, etxera bueltatzeko. Halere, ohiko baldintzei eutsiko diete, panda modeloko autoetan joanez, bestelako teknologia barik. Ibilbidea Marokoko hegoaldetik igarotzen da, hareaz eta desertuz osaturiko pistetatik.