Uribe Kosta, jantzi mozorroa! Aukera zabala dago eta eskualdeko herrietan. Aztiak eta sorginak, Berangon; eta gaia librea da gainontzeko herri denetan. Ohiturei eta tradizioei gorazarre edo barre egiteko, askotariko jantziakaz aterako dira kalera adin guztietako uribekostarrak. Lemoiztarrak izango dira lehenak jai giroan murgiltzen: barikuan, Urizarreko frontoian askotariko mozorroak ikusi ahal izango dira, 18:00etatik aurrera.
Hurrengo zapatuan, martxoaren 4an, berriz, Armintzakoen txanda izango da, mozorro-lehiaketa eta guzti. Aurtengo aratusteak Lemoizko Udalak antolatu ditu, udalerriko ostalariakaz batera. Azaldu dutenez, mozorro-lehiaketako parte-hartzaileek «taberna guztietatik» pasa beharko dute ostalariek mozorroak puntuatzeko.
Gorlizko Aratz Dantza taldekoek ere barikuan ipini dute hitzordua; euskal aratusteen nondik norakoak ezagutaraziko dituzte Ibarreta plazan, 19:00etatik aurrera. Zapatuan, ostera, umeentzako tailerrak egingo dituzte, txokolatea banatuko dute eta disko-festa egongo da, neska-mutil guztien gozamenerako. Egun horretan bertan ere, Berangoko gazteak aztiz edo sorginez mozorrotuko dira. Arrastian, 05:30ak aldera, kalejira egingo dute udalerriko kaleetan, Berangoeta kultur etxetik frontoira joateko. Ondoren, txokolatea banatuko dute eta disko-festaz gozatzeko aukera izango dute, 23:30era arte.
Azkenik, hilaren 27tik martxoaren 3ra bitartean, Urduliz bere egingo dute aratusteek. Astelehenean, mozorroak egiteko tailerra egingo dute kultur etxean; martitzenean, txotxongiloak egitekoa, eta martxoaren 3an, barikuan, Gari, Montxo eta Joselontxoren Mozorrotzen ikuskizuna egongo da kultur etxean.
Egitaraua, herriz herri
Berango
Otsailak 25, zapatua
17:30 Kalejira, Berangoeta kultur etxetik.
18:00 Txokolate-jana.
18:30-23:30 Disko-festa, frontoian.
Lemoiz
Otsailak 24, barikua
- 18:00 Puzgarriak.
- 19:00 Tostada-txapelketa.
- 19:30 Txokolate-jana, Urizarreko frontoian.
Martxoak 4, zapatua
- 17:30 Disko-festa eta mozorro-lehiaketa, Armintzako frontoian.
Gorliz
Otsailak 24, barikua
- 19:00 Euskal inauteriak Aratz Dantza taldeagaz, Ibarreta plazan.
Otsailak 25, zapatua
- 17:30 Tailerrak eta txokolate-jana.
- 19:30 Disko-festa.
Urduliz
Otsailak 27, astelehena
- 17:30 Mozorro-tailerra, kultur etxean.
Otsailak 28, martitzena
- 17:30 Esku osoko txotxongiloak, kultur etxean.
Martxoak 3, barikua
- 19:00 Gari, Montxo eta Joselontxoren Mozorrotzen ikuskizuna, kultur etxean.