Alerta laranja ezarri dute kostaldeko arriskuagatik

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 28a, 09:36
Denboralea Getxon, artxiboko irudian.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du gaur 03:00etatik aurrera itsasaldeko arriskuengatik. Hori dela eta, Getxoko Udalak Babes Zibilaren Udal plana 0 fasean jarri du, baita krisi mahaia deitu ere. Itsasaldeko arriskua 24:00ak arte aurreikusi dute; kostaldeko kalteen arriskua, berriz, 04:00etatik 08:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Aurrekoetan bezala, Udalak SMS mezuak bidaliko dizkie arrisku guneetako (Kirol Portua, Ereagako hondartza eta Portu Zaharra) merkatariei eta ostalariei, eta kartelak jarriko ditu, alertaren eta jarraitu beharreko gomendioen berri emateko. Era berean, Udalak Udal Turismo Bulegoa babesteko neurriak ere hartuko ditu.

Arrisku guneetarako bidea zainduta egongo da etengabe 04:40etik 06:40era eta 17:00etatik 19:00etara (itsasgoren aurreko eta ondorengo orduotan). Hala, oinezkoentzat itxiko da Pedro Bilbao estatuatik Portu Zaharrera hondartzaren ondotik doan bidea eta egoeraren arabera erabakiko dira ibilgailuentzako neurriak. Era berean, Udalak gogoratzen du alertak irauten duen bitartean hondartzetara sartzea debekatuta egongo dela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun