Umorea ere preso nahi dute

Juan Luis Mugertza 2017ko mar. 7a, 14:03

Espainiarrak haserre daude. Guztiak ez, baina banaka batzuk bai; oso, gainera. ETBko Euskalduna naiz, eta zu? programan batzuek esandakoak bazterrak harrotu ditu. Ez dute bat ere ondo hartu entzundako lausenguak (fatxak, aurrerakoiak, paletoak, txoniak….).

Izan ere, batzuek sare sozialetan barruko amorrua adierazteko emandako erantzunetan “Los boronos nos llaman paletos” oso ondo antzematen da. Halarik ere, espainiar guztiak ez dira horrelakoak. Tartean, badaude jatorrak. Horixe, baietz! Hori ez du inork zalantzatan jarriko. Baina, Espainian ez dago giro onik, eta horretaz baliatu dira betiko politikoak, sasoi batean bezala, ezer gutxi aldatu direla adierazteko, bazterrak nahasteko, gabeziak estaltzeko, politika egiteko. Honegatik, Carlos Iturgaitzek Europako Batzordean euskaldunok ahotan hartuko gaitu nongoak garen, eta nolakoak, esateko. Horregatik, PSOEk gertuko lagunei errieta egin die jorratu beharreko bidea zein den gogorarazteko. Bitartean, Nerea Llanosek, PPko bozeramaileak, egindako okerra berriro gerta ez dadin bestelako telebista eskatuko du, hots, independentea, plurala, eta Rajoyk bere twitteren Espainiaz ondo behar egiteko eskatzen digu, eta “1785 motivos por los que hasta un noruego guerria ser español” irakurtzeko gomendatzen digu. Hargatik, Erkorekak  gainontzekoen mailan egoteko, damu du egina, esana. Izan ere, hauek ez dute umorea maite; alderdi barruko buruak kutsatuta dauzka, antza. Gainera, aukeran, botoak eta boterea nahiago, umorea baino. Baina euskaldunok, noiz edo noiz, umorea azaldu behar dugu, bestela…, zer aldarrikatuko dugu gure sentimenduak ere preso baldin badaude?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun