Martxoak 8

Berdintasuna egunero egiten dela aldarrikatu du Metro Bilbaok

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 8a, 10:59

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, martxoak 8; hori dela eta, berdintasunaren aldarrikapenagaz bat egin du beste urte batez Metro Bilbaok. Hala, 500 kartel inguru ipini ditu geltoki denetan, honako leloa agerian uzteko: "Berdintasuna egunero egiten da". Kartelok hainbat astez egongo dira bertan, "berdintasunaren balio soziala azpimarratzeko helburua duen kanpainaren baitan", azaldu dutenez.

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana ezarrita dauka Metro Bilbaok, 2018. urtera arte. Hala, planean ezarritako ekintzen artean, "Mano de Santa" konpainiagaz batera lanean aritu dira, antzerkia eta umorea uztartuz, gizarte parekide, bidezko eta errespetutsuago bat lortzeko bidean. Bestalde, Metro Bilbaok Emakundek urtero antolatzen duen Berdintasun Foroan parte hartzen du, eta argazki-lehiaketa antolatu du aurten, "Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu" lemapean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun