Uribe Kosta eta Hego Uribe taldeek jokatu dute Bertsolari Gazteen XXV. BBK Sariketaren hirugarren kanporaketa gaur Sopelako Ander Deuna ikastolan. Aretoa ikaslez bete-bete egin da. Eskualdeko taldeak egin du aurrera 396 puntugaz; Hego Uribe taldeak 345,5 puntu lortu ditu. Gaurko saioko aurkezlea Beñat Vidal leioztarra izan da eta epaimahaia Juango Respaldiza, Jurgi Fuentes eta Miriam Juaristik osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Maddi Ibaibarriaga ibili da.
Honako hauek izan dira gaurko saioan parte hartu duten 12 bertsolariak:
- 18 urte artekoetan:
- Uribe Kosta taldean: Naroa Torralba, Aritz Landeta eta Maider Barañano
- Hego Uribe taldean: Eztizen Artola, Irati Antepara eta Unai Foruria
- 24 urte artekoetan:
- Uribe Kosta taldean: Inazio Vidal, Paule Loizaga eta Kerman Diaz
- Hego Uribe taldean: Ander Anakabe, Asier Urkiza eta Enare Muniategi
Sariketako hurrengo kanporaketa datorren astean, martxoaren 21ean jokatuko da Markina-Xemeingo kultur aretoan, 10:30ean, Lea-Artibai eta Uribe Butroe taldeen artean. Bertan erabakiko da Uribe Kostaren aurkako finalaurrekoa zein beste taldek jokatuko duen.
Lehenengo finalaurrekoari dagokionez, Enkarterri/Ezkerraldea eta Busturialdea izango dira aurrez aurre, martxoaren 24an, Zallako Zine antzokian, 10:00etan.
Esan bezala, bigarren finalaurrekoa Uribe Kostak eta martxoaren 21eko kanporaketako talde irabazleak jokatuko dute, martxoaren 28an, Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan, 12:00etan.
Martxoaren 31n jokatuko da finala, Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan.