Mikel Markezek kontzertua eskainiko du, gaur, Gorlizko udaletxean

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 17a, 12:00

Azken diskoa Kalifornian grabatu zuen Mikel Markezek, Noka talde estatubatuarragaz; "Bi ahizpak" (2015) izenburua dauka. © MIKEL MARKEZ

Gorlizko udaletxeko bilkura-aretoan kontzertu akustikoa eskainiko du Mikel Markez abeslariak, gaur, barikua, martxoaren 17a. Emanaldia arrastiko 07:00etan izango da; sarrera, doan. Hain zuzen ere, Plentziako eta Gorlizko euskara-agenda bateratuaren barruan antolatu dute musika-saioa.

Mikel Markez 1971n jaio zen, Errenterian; hamabost urtegaz gitarra jotzen eta lehen abestiak egiten hasi zen; jendearen aurrean lehen kantu-saioak eskaini zituen garai hartan.
Abeslari errenteriarrak hamar disko ditu bakarlari moduan, eta hainbat bildumatan agertzen dira bere kantuak. Ekoizle legez, hogeitik gora disko dauzka: Patxi Saiz kantariaren lanak edo Trikitixa Elkarteko Faborez izenburuko serie osoa dira lanik aipagarrienak. Irratian ere ibilitakoa da; 1994tik 2010era artean, Oroimeneko portua eta Ahobete hots saioak zuzendu zituen, Herri Irratian. Horrez gainera, Kaja beltza saioaren ardura hartu zuen, Euskadi Irratian.
Bestalde, Plazer bat dut, Benito! (Elkar, 2012) liburua argitaratu zuen, Pako Aristi idazleagaz eta Benito Lertxundi kantariagaz batera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun