Korrika 20

Izarren argipean ere euskara bultzatuz

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko mar. 23a, 08:30

Uribe Kostaraino gauez helduko da Korrika, apirilaren 5ean, 23:40ak aldera. Apirilaren 6an, gaueko ordu txikietan, eskualdea gurutzatuko du, eta itsasadarra zeharkatu Ezkerraldetik jarraitzeko. Erandiogoikoraino gaueko 09:25ean bueltatuko da.

Martxoaren 30ean emango diote hasiera Korrikaren 20. edizioari, Otxandion. Arrastiko 05:00etan abituko da euskararen aldeko lasterketa; apirilaren 9an Iruñean amaituko da, Euskal Herri osotik 2.205 kilometro egin ostean. Horietatik, 50 kilometro inguru, Uribe Kostan barrena egingo ditu. Hasiera eguneko egitaraua daborduko zehaztuta daukate AEKren lagunek; hala ere, ez dituzte lehenengo kilometroetan lekukoa eroango dutenen izenik argitu gura izan. Horien txanda heldu aurretik, eskola-umeak izango dira pausoz pauso Otxandioko kaleak gurutzatuko dituzten lehenengoak; 10:30ean egingo dute Korrika Txikia. Horren ostean, euskararen aldeko lasterka dela eta, 20 edizio hauetan plazaratutako kanten koreografiak (11:15), kale-animazioa (13:00), zurezko jolasak (13:30) eta Aurrera Korrika! ikuskizuna (15:45) egongo dira. Euskaltzaleek lekukoaren atzean lehenengo pausoak eman aurretik, ostera, hasiera-ekitaldia egingo dute, 16:40an; eta Korrika agurtu ondoren ere zertaz gozatu edukiko dute otxandioarrek eta bertara hurreratutako euskal herritar guztiek: txokolatada (18:00), Gozategi taldeak alaitutako erromeria (19:30) eta Egonian elektro-txarangaren kalejira (20:00) programatu dituzte. Uribe Kostako AEK-k aurreratu duenez, eskualdetik autobus bat aterako da, Korrikaren hasiera egunean Otxandion egon gura duten uribekostar denak garraiatzeko asmoz; 13:00ak aldera abiatuko da. Salneurriari dagokionez, oraingoz 10 euroan ipini dituzte txartelak; hala ere, “litekeena da prezioa jaitsi ahal izatea”, gaineratu dutenez. Autobusean izena emateko, eskualdeko edozein euskaltegira jo dezakete Otxandioraino joan gura dutenek. Halaxe hasiko da aurtengo Korrika; hala, lekukoa eskuz esku, kilometroz eta herriz herri ibiliko da Iruñearaino apirilaren 9an heldu arte.

Uribe Kostari dagokionez, apirilaren 6an, eguenean, zapalduko dituzte eskualdeko herriak euskarazaleek; beste urte batez, Korrika ez da Lemoiztik igaroko. Hala, apirilaren 5ean, eguaztenean, Laukiztik helduko da Urdulizeraino 23:40ak aldera, eta Gorliz, Plentzia, Barrika, Sopela, Berango, Algorta, Itzubaltzeta / Romo, Leioa eta Erandio gurutzatuko ditu Korrikak, apirilaren 6an, gaueko ordu txikietan. Goizaldeko 04:55ak aldera joango zaigu Barakaldo alderaino, ohi den legez, itsasadarra traineruz igaroz Ezkerralderantz. Erandiogoikoan bueltan izango dugu Korrika eguen horretan, 21:25ean, Bizkaiko Meatzaldea zein Enkarterriak eta Arabako Aiaraldea gurutzatu ostean. Behin datak zeintzuk diren jakinda, eskualdeko Korrika batzordeak lanean hasi ziren, euskararen aldeko lasterketak merezi duen harrera prestatzeko; daborduko hainbat ekitaldi egin dituzte, eta askoz gehiago dituzte programatuta. Korrikako eskualdeko arduradunek azaldu dutenez, Sopelan, Berangon, Leioan, Erandion eta Urdulizen taldeak sortu dituzte hainbat herritarrek. Bestalde, “Algortan, batzordetxo bat eratu berri dugu. Oraindik lehen urratsak ematen gabiltza; baina, egitarau polita osatzen gabiltza”, gaineratu dutenez. Korrika batzordeek izaera zabala daukate: edozeinek (elkarteek, kirol taldeek, norbanakoek…) parte har dezake. Batzordearen zereginen artean daude herrian egingo diren ekitaldiak antolatzea, Korrika Txikia, eta abar.

Aniztasuna irudikatuz

Batzuk izango da aurtengo Korrikaren goiburua; “hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna” irudikatu gura dute horren bitartez. ‘Bat’ eta ‘zuk’ hitzen arteko jolasa da, herritarrak euskarara gonbidatzeko: “Hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira”. Asier Amondo Korrikaren arduradunak azaldu zuen leloa, Donostiako San Telmo museoan, 2016ko azaroaren 9an egindako aurkezpen-ekitaldian. Beren-beregi, San Telmon bertan gordetzen da Korrikaren jatorrizko lekukoa, Remigio Mendiburuk sortutakoa. Amondoren berbetan, “hizkuntza, kultura, mundu ‘bat’ sendotzeko bidean, ‘zuk’ ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz”. Bitartean, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak Korrikaren helburuak azaldu zituen. Bere esanetan, euskararen normalizaziorako “ezinbestekoa” da helduen espazioek ere euskaraz funtzionatzea: “Horretan da AEKren urteotako zeregin nagusia”, gaineratu zuenez. “Dena den, oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez dira nahikoak”, adierazi zuen Mugikak.

Korrikaren sortzaileen omenez

Badira 37 urte Korrika jaio zela, AEK-ko eta AEKtik kanpoko hainbat lagunen ekimenez. 1980ko lehen Korrika horrek Euskal Herria euskalduntzeko helburua zeukan. “Orain arte ere bere horretan jarraitzen du xede horrek, bizirik, pil-pilean, euskarak oraindik ez duelako egoera normaldua bizi; baina, era berean, AEK-k lekuko hori ez duelako geldirik utzi eta, Korrikaz Korrika, Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu nahi izan duelako euskararen aldarria”, azaldu dute sustatzaileek. Horregatik guztiagatik, orain dela 37 urte Korrikaren lekukoa eskuz esku abiarazi zuten haiek omendu gura ditu euskararen aldeko lasterketaren 20. edizioak. Geroztik, “euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia bihurtu da”, Amondoren berbetan. Korrikak batasuna sortzen duen ekimena dela dio ekimenaren arduradunak; irudi koloretsua erabiliko dute 20. edizioan, hori islatu guran.

Ekitaldiak

Algorta

Martxoak 23, eguena

  • 09:00-11:00 / 16:30-18:30 Bertso-saio didaktikoa (izen-emateagaz), Lauaxeta euskaltegian.

Martxoak 24, barikua

  • 20:00 Bertso Korrika, Bodeguilla Butrón tabernatik, Inazio Vidal eta Arrate Illarogaz.

Martxoak 26, domeka

  • 17:30 Mahai-jolasak, Azebarri kulturgunean.

Martxoak 31, barikua

  • 10:00 Korrika Txikia, Fadura institutuan hasita. Ondo-etorria, Telletxe plazan.
  • 17:30 Zirku-jaia eta txokolatada, San Nikolas plazan.
  • 20:30 Korrika-poteoa, Saniko tabernatik.

Apirilak 5, eguaztena

  • 17:30 Tailerrak eta Mugi Mugi disko-festa, San Nikolas plazan.
  • 20:00 Dantza-plaza, San Nikolas plazan.
  • 21:00 Elektro-txaranga eta poteoa, San Nikolas plazatik.

Apirilak 6, eguena

  • 02:08an, Korrika Algortatik pasatuko da.

Gorliz-Plentzia

Martxoak 24, barikua

  • 19:00 Korrikaren aurkezpena, Danontzat gaztetxean.

Apirilak 5, eguaztena

  • Korrika Txikia.
  • 22:00 Korrikaren etorrera girotzeko, Elektro Rock eta Aldats txarangak.

Apirilak 6, eguena

  • 00:05ean, Korrika Gorliztik pasatuko da.
  • 00:26an, Korrika Plentziatik pasatuko da.

Erandio

Martxoak 24, barikua

  • 19:00 Korrikaren aurkezpena, Altzagako Azoka Zaharrean.

Martxoak 25, zapatua

  • 19:30 Ez da kasualitatea bertso-saio musikatua, Kalezulo gaztetxean.

Martxoak 31, barikua

  • 19:30 Kanta-poteoa, Altzagako La Plaza tabernatik.

Apirilak 1, zapatua

  • 18:00 Dantza-plaza eta Kherauren kontzertua, Astrabuduko Mendiguren plazan.

Apirilak 5, eguaztena

  • Korrika Txikia.

Apirilak 6, eguena

  • 03:56an, Korrika Erandiotik pasatuko da.
  • 21:25ean, Korrika Erandiogoikotik pasatuko da

Berango

Martxoak 26, domeka

  • 12:30 Korrika-jaia.

Apirilak 5, eguaztena

  • Korrika Txikia.

Apirilak 6, eguena

  • 01:44an, Korrika Berangotik pasatuko da.

Leioa

Martxoak 29, eguaztena

  • 10:00 / 18:00 Berbodromoa, Sakoneta kiroldegian.

Martxoak 31, barikua

  • 10:00 Korrika Txikia.
  • 12:00 Umeentzako disko-festa, Barandiaran Behekoa ikastetxean.
  • 19:30 Poteoa musikagaz, Maitane tabernatik.
  • 21:30 Kantu-afaria, Altzaga ikastolan, Barry Barrezegaz.

Apirilak 6, eguena

  • 03:23an, Korrika Leioatik pasatuko da.

Itzubaltzeta/Romo

Martxoak 31, barikua

  • 11:30 Korrika Txikia, Artatza-Romo institututik. Ondo-etorria, Santa Eugenia plazan.
  • 17:30 Zirku-tailerra eta txokolatada, Santa Eugenia plazan.

Sopela

Martxoak 31, barikua

  • 19:00 Kantu-jira Nafarroa taldeagaz, udal pilotalekutik.

Apirilak 1, zapatua

  • 11:00 Esaera Zaharren Txapelketa, udaletxeko plazatik abiatuta Izen-ematea, martxoaren 24ra arte. Informazio gehiago: aitor-f@aek.org

Apirilak 5, eguaztena

  • 18:00 Dantza-plaza herrikoia, udaletxeko plazan. Euria egiten badu, Zipiriñen.

Apirilak 6, eguena

  • 01:05ean, Korrika Sopelatik pasatuko da.

Apirilak 7, barikua

  • 10:00 Korrika Txikia, Ander Deuna ikastolan hasita. Akabuan, festa egingo dute, Urko kiroldegian.

Urduliz

Martxoak 31, barikua

  • 19:00 Korrikaren aurkezpena, kultur etxean.

Apirilak 2, domeka

  • Goiz-eguerdian, Korrika-jaia.

Apirilak 5, eguaztena

  • Korrika Txikia.
  • 20:00 Triki-poteoa.
  • 23:41ean, Korrika Urduliztik pasatuko da.

Barrika

Martxoak 31, barikua

  • 20:30 Korrikaren aurkezpena.

Apirilak 6, eguena

  • 00:47an, Korrika Barrikatik pasatuko da.

Lemoiz

Apirilak 1, zapatua

  • 13:00 Korrika-jaia, Armintzan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun