Leioako campuseko sarreran, pertsona-multzo bat, "Autonomiaren alde, irakaslego propioa. Despidorik ez!" goiburuko pankarta eskuetan. Hori da kaleratutako irakasleen gatazkak memoria kolektiboan utzi duen irudia; baina, lan- eta politika-gatazka horrek arrasto sakona du, 1992ko apirilaren 1etik gaur egunera artekoa. Hasierako data horren bezperan, unibertsitatearen kontratu administratiboa sinatzeko epemuga ipini zien EHUk ia ehun irakasleri. Bederatzik uko egin zioten, eta kaleratu egin zituzten. 25 urte beranduago, hiru irakaslek eusten diote borroka horri: Antton Azkargorta algortarrak, José Luis Herrerok eta Enrike Lopezek.
Herrerok dioenez, irakasleria propioa eskatzean lan-kontratuaz gainera, "kontu erabat politikoa eskatzen genuen: Euskal Herriak eta EHUk bertako irakasleria propioa sortzeko aukera; Euskal Herriko autodeterminazio-prozesuari eta nazio-subiranotasunari lotuta dago. Horrek ekarri zigun gizartearen multzo oso zabal baten elkartasuna; horrek sostengatu du mugimendua". Lopezen ustez, "EHU eta Euskal Herria autonomoagoak izatea eta independentziatik hurbilago egotea ekarriko luke irakasleria propioak". Azkargorta ados dago: "aldarrikapenaren plus politikoak eman zizkigun koherentzia eta indarra, baina jasan dugun errepresioa ere ekarri zigun; horregatik gaude oraindino kalean".
Bederatzi irakasleek 1992ko martxoaren 31n sinatzeari uko egin aurretik, kontratu-motaren gaineko gatazkak hamaika protestaldi izan zituen, urteetan funtzionario izan barik EHUgaz lan-harreman egonkorra izatea helburu. Epaitegietara ere heldu zen gatazka: 1990ean,Bizkaiko Auzitegiak arrazoia eman zien 226 irakasleri, EHUgaz zuten lan-harremanaren inguruan. Epai hark atea zabaldu zien ohiko kontratu administratiboak ez ziren beste kontratu-mota batzuk egin ahal izateko. Orduko errektore Emilio Barberák ez zuen epaia onartu, kontratu administratiboakaz segitu zuen eta helegitea ipini zuen. 1992an, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak EHUri arrazoia eman zion; 97 irakaslek segitzen zuten kontratu administratiboa sinatu barik. Orduan heldu zen EHUren "ultimatuma".
Herrerok akordura ekarri duenez, "kaleratzearen ostean, klaseak ematen segitu genuen, 1993an erbesteratu gintuztenera arte". 1992ko irail-urri aldera, "hasi ziren arazoak", kaleratutako irakasleei "ordezkoak ipintzeari ekin ziotenean". Horren aurrean, lehenengo gose-grebak eta itxialdiak hasi zituzten irakasleek. Mobilizazio ugari egon ziren eta elkartasunezko adierazpen asko jaso zituzten, EHUren barrukoak eta kanpokoak, unibertsitateari gatazka bidera zezan eskatzen. "Ikasleek ere babestu gintuzten eta zenbaitetan okupatu zuten errektoretza", dio Herrerok; "Joserra [Etxebarria] aterarazten ahalegindu zirenean, babes itzela zuela konturatu ziren; tentsio-giroa larregizkoa zen eta horrek EHU negoziatzera mugiarazi zuen".
Juan José Goiriena errektoreak akordioa egin zuen irakasleakaz, EHUren zerbitzu juridikoen babesagaz. Azkargortaren arabera, "akordio hark ez zigun irakasleria propiorik emango, baina guk unibertsitatean segituko genuen beharrean, argitu barik oso ondo zein motatakoa zen gure kontratua". Gatazka bideratzear zegoenean, "errektoreari bere taldea matxinatu zitzaion, arrazoi politikoengatik". Hala, EHUren Gobernu Batzarrak akordioa bertan behera utzi zuen boto biren aldeagatik. "Erabaki politiko horretatik datoz jasan ditugun orain arteko ondorio txarrak: gu kalean egotea, beharrean egotea kobratu barik; epaiketak, kaleratzeak, erbesteratzeak eta hori dena hortik dator". Azkargortaren ustez, Goirienak gidatu zuen negoziazio-prozesua izan zen "seriotasunez egindako bakarra". Geroztik egon diren "kontaktuak tenperatura hartzeko eta gu banatzeko saioak besterik ez dira izan: berba egitera zetozen, baina, aldi berean, atxilotzen gintuzten; ezer eskaini barik".
Zapuztutako konponbide-ahalegin haren ostean, egoerak okerrera egin zuen. Lopezek azaldu duenez, "gure erbesteratzea justifikatzeko, fakultatea itxiarazi zuten; 1993ko azaroaren akabuan, egun batean indar denak kontzentratu zituzten: ertzainak, zaindariak eta abarrak. Klaseak ematera gindoazela indarrez atera gintuzten ikasgeletatik". Fakultatea berriro zabaldu zuten abenduaren 3an eta gertaera errepikatu egin zen: "kaleko arropaz jantzitako poliziek eta zaindariek indarrez atera gintuzten. Hori izan zen pankartaren lehenengo eguna sarreran", oroitarazi du Lopezek, "salbuespen-egoera ezarri zuten, guretzat; baina, baita ikasleentzat ere".
Hala, fase berriari ekin zioten hiru irakasleek. Herrerok dioenez, "erbesteratzea behin eta berriro apurtzen genuen: sartzen ginen, Poliziak atxilotu eta komisariara eroaten gintuzten, epaiketak geneuzkan... Urteak eman genituen horrela. Ekimenik garrantzitsuena Enrikerena izan zen, ia 40 eguneko gose-grebarena. Gose-greban zela, atxilotu egin zuten, komisariara eta auzitegira eroan. 1997ra arte, eskubideak berrezartzeko eguneroko bataila izan zen. Lau urteko erbesteratze-zigorra ipinita ziguten, baina guk hainbat denbora pasa genuen barruan, berbarako, LABeko egoitzan itxialdian. 1997an, erbesteratzea desagertu zen de facto".
Pello Salabururen agintaldian bizi izan zituzten atxiloketaldi gehien, baina baita urtebeteko negoziazio bat ere. Diotenez, "simulakro bat besterik ez zen izan, gu geldi egon gintezen". Egoera hartan desadostasun taktikoak sortu ziren irakasleen kolektiboan: "nire ustez mobilizazioek segitu behar zuten, ez nuen uste ekintzak baretu behar genituenik", dio Lopezek. Desobedientziari eta Euskal Herriko 5.000 kilometroko birari ekin zien Lopezek.
Giroa ez zen baretu, Pérez Iglesias errektore izan zen arte, 2004an. Herrerok eta Azkargortak kontaktua zeukaten Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuagaz, lantzen zebilen Unibertsitate Legean eragiteko. "Legeak gure aldarrikapenen mamia jaso zuen: irakasleria propioa, eta funtzionarioakaz parekatzea" ziurtatu du Azkargortak. "Gezurra ematen badu ere", PPk zabaldu zuen irakasleria propiorako atea Madrilen, CiUren proposamen bat onartuta, "katalanen laguntza behar zuelako". Hortik etorri ziren Iztuetaren legea eta EHUren irakasleria propioaren onarpena. Gainera, 2004ko legeak gehigarri bat zeukan, kanpoan egondako irakasleak birsartzeko. "Guri begira egindakoa dirudi", dio Azkargortak. Unibertsitatean bost urte lan egin izana eskatzen zen. Iñaki Goirizelaia Bizkaiko errektoreordeak negoziatzera deitu zien 2005ean, "EHUk gu barneratzeko agindua baitzeukan", Azkargortaren ustez. Baina, Zapateroren Gobernuak helegitea ipini zion legeari, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa zelakoan; legea izoztuta geratu zen. "Aurreikuspenak nahiko txarrak ziren", dio Herrerok: "sindikatuek legea urardotu gura zuten, Madrilekiko gatazka konpontzeko". EHUk konstituzio-helegitea konpondu bitartean negoziatzen segitzea eskaini zien kaleratutakoei, "baina bakarrik gu berriro sartzearen gainean, irakasleria propioa jorratu barik", oroitarazi du Herrerok. "Gure kolektiboaren zatiketa hor hasi zen: Jexuxmari Zalakainek eta Joserra Etxebarriak baldintza horiek onartu zituzten; guk gurago izan genuen itxaron, borroka ez zegoelako amaituta helegitea atzera bota arte. Arazoa konponduta negoziatuko genuela esan genien".
Gerora, EHUk Lopezi "trabak" ipini zizkion. Lopezek bost urte lan eginda baditu EHUn, baina baldin eta kontuan hartuz gero kaleratuta egonda irakasten jarraitu zuen denbora; "eta klase horiek onartzeko, borondate politikoa beharrezkoa da", dio Lopezek berak, "Goirizelaiak esan zidan nik ez neukala inolako aukerarik EHUra itzultzeko".
2007an, helegitea bertan behera lotu zen, eta EHUk aldi baterako irakasleak kontratatzeko bidea ezarri zuen; Joserra Etxebarriari eta Jexuxmari Zalakaini atea zabaldu zien unibertsitatera itzultzeko, funtzionario bihurtu barik. Herreroren arabera, "EHUk ez gintuen negoziatzera deitu; baztertu egin gintuen eta gure adiskideek bermatu zuten bazterketa hura, kolektibo bi ginela adierazita. Bolo-bolo zabaldu zen guk ez genuela negoziatu gura, eta hori faltsua da". Zalakainek eta Etxebarriak sinatu eta hurrengo egunean, "erresistentzia-kutxa ere desagerrarazi zuten, borroka amaituta balego legez", Lopezen esanetan.
2009an, sinadura-bilketa egin zuten eta Ibarretxe lehendakariari helarazi zioten. "Horrek eraginda edo, errektorearen mezulari bat etorri zitzaigun. Bizpahiru bilera egin, gure eskaerak idatziz pasatu eta berak Goirizelaiari helarazi zizkion. Erantzunik ez zen izan". Ordurako, Patxi López zen lehendakaria.
Unibertsitarioen defendatzailearengana jo zuten 2014an, baina errektoreak ez zuen erantzun; aurten ate berbera jo dute, eta badakite espedientea Nekane Balluerka errektore berriari helarazi diotela. Aurrekoei eskatutakoa eskatzen diote: "konponbide duin eta justua". Ez dakite zein erantzun izango duten. Halere, Lopezek, Azkargortak eta Herrerok argi daukate orain artekoak "merezi izan duela".