Bizkaia Bizkaialde fundazioak batzar nagusia egin du

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 28a, 11:35
Atzoko ekitaldia. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Bizkaia Bizkaialde fundazioak urteko bilera egin zuen atzo Bilboko Guggenheim museoan klubetako eta enpresetako kideakaz. Uribe Kostako zenbait goi-mailako klub izan ziren batzarrean: Askartza eta Leioa waterpolo-taldeak, Getxo Rugby Taldea, Sakoneta gimnastika erritmiko taldea, Ugeraga-Lointek txirrindularitza-taldea eta Jolaseta hockey-taldea. Denera, 43 enpresa, 25 klub eta 28 taldetako ordezkariak batu ziren.

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak burutu zuen ekitaldia, Bizkaia Bizkaialde fundazioaren patronatuko buru gisa; Bilbaok lurraldeko kirola babestearen alde apustu egiten duten erakundeen esfortzua eskertu, eta horren garrantzia nabarmendu zuen.

Lorea Bilbaok harrera egin zien fundazioa osatzen duten erakundeetako eta enpresetako kideei, baita Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen Bizkaia Bizkaialderen ekarpenak jasotzen dituzten klubetako kirolariei eta ordezkariei ere. Bilbaok adierazi zuenez, "funtsezkoa da kirolaren giharra indartzea; funtsezkoa da lanean segitzea kirolaren ehunak bere buruari jartzen dizkion erronkak lortzen jarraitzeko; funtsezkoa da kirol diziplina bakoitzaren gorenean egotea lortzeko ahaleginean segitzea kirola eginez, eta horretarako lankidetzak garatzea beharrezkoa da".

"Kirolak Bizkaian behar gaitu" goiburupean, fundazioak lurraldeko kirolaren muskulua indartzeko lanean segitzen du, Bizkaiko kirolaren eliteko klubei laguntza emanez; helburu hori lortzeko, Bizkaia Bizkaialdek kirola babesten duten erakunde publiko eta pribatuei laguntzen die haien esfortzu ekonomikoak errentagarri bihurtuz.

2016-2017 denboraldi honetan, Bizkaia Bizkaialde Fundazioak milioi bat euro baino gehiagoko babesa emango die 18 kirol modalitatetan maila gorenean lehiatzen diren 28 kirol-talderi (15 emakumezkoenak, 12 gizonezkoenak eta 1 mistoa). Hala, "Fundazioak babesten dituen taldeen artean emakumezkoenak asko direla" azpimarratu dute.

Bizkaia Bizkaialde Fundazioak 2016-2017 denboraldian babestuko dituen kluben artean daude Askartza eta Leioa waterpolo-taldeak, Getxo Rugby Taldea, Sakoneta gimnastika erritmiko taldea, Ugeraga-Lointek txirrindularitza-taldea eta Jolaseta hockey-taldea. Bestalde, entitate eta enpresa bazkideen artean daude Alaiki enpresa urduliztarra, Bizkaia irratia, Euskotren, Bilboko Portuko Agintaritza, Athletic, Kutxabank eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun