Euskaraz pentsatu, sentitu eta bizi bazara, Gurean zara. Horrela aurkezten da Gurean.eus, euskal errealitate lokalaren leiho globala izatea helburu duen hedabide berria.
Gurean.eus. TOKIKOM osatzen duten 60 komunikabideen edizio digitalek sortutako albiste guztiak bateratzen ditu, komunikabide jeneralisten ohiko sailetan antolatuta: gizartea, ekonomia, kultura, kirolak, politika, ekitaldiak, euskara....
Gainera, sarean dagoen elkarlanerako gune zabala ere izan gura du, gai berberaren gainean hainbat komunikabidek sortutako kronika eta analisiei zein TOKIKOM osatzen duten komunikabideen 250.000 ohiko irakurleren eta erabiltzaileren iritziei eta ekarpenei esker.
Gurean.eus sarerako pentsatutako komunikabidea da, bereziki mugikorretatik kontsultatua izateko, nahiz eta tablet edo ordenagailu bidez irakurtzeko ere prestatuta dagoen. Gure artean tokiko informazioa, lokala, emateko orduan aurki dezakegun hutsune garrantzitsua betetzera dator.
"Gure mundua, bisioa eta ideiak handiago egin nahi ditugu, guztion artean integratzaileagoa eta hobeto informatua den oraina eraikitzeko", azaldu du Alaitz Artolazabal TOKIKOMeko zuzendariak. "Abiapuntua sinplea da: TOKIKOMeko toki-komunikabideen sareak informazio kopuru erraldoiak sortzen ditu egunero, beste inongo edozein mediok eskain ezin dezakeen kapilaritate mailaz gainera. Gurean.eus-en atzean dagoen ideia da herriz herri, auzoz auzo sortutako eduki hori guztia batzea eta erakusleiho berri batean ematea, tokiaren arabera baino, gaiaren arabera ordenatuta. Horrela, egunerokotasunaren ikuspegi guztiz ezberdina erakutsi ahal izango diogu publikoari, gertutasunean oinarrituta, ohiko medioen agendatik kanpo geratzen diren gaiak azaleratuz".
"Gurean-i esker", dio Artolazabalek, "hainbat komunikabidetan sortzen diren albisteak eta haien tratamendua ia momentuan jarraitzea ahalbidetzen digun tresna boteretsua daukagu, zeharka, nolakoak garen, nola pentsatzen eta sentitzen dugun ere erakutsiko diguna".
Gurean.eus martxan da daborduko eta bazkideak diren komunikabideetako zein TOKIKOMegaz harremana duten hainbat webgunetatik ere sartzea aukeran egotea aurreikusten da, horretarako sortutako widget batzuen bitartez. Informazio hori, gainera, bere webgunean gehitu gura duen beste edonorentzat ere eskuragarri dago, https://gurean.eus/info/widget/orrialdeak eskaintzen dituen aukeren bidez.