Urdulizko ospitalea zabaltzeko "atzerapena" onartu die Darponek alkateei

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 31a, 11:25

Alkateen bilera bat Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalean, artxiboko irudian. IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Urdulizko Alfredo Espinosa ospitaleak zerbitzu berriak irekitzen jarraituko du datozen astetan eta, lehena, larrialdietako zerbitzua izango da. Hori iragarri dute Jon Darpon Osasun Sailburuak eta Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak, Uribe osasun-eskualdeko alkateakaz gaur goizean egin duten lan-bileran. Osasun Sailak onartu duenez, bileraren helburua izan da "ospitalizazio zerbitzuaren irekieran dagoen atzerapenaz informatzea". Horren ardura sindikatuei leporatu diete, atzerapena "ospitaleko ikuztegi, garbiketa eta sukaldaritza zerbitzua kanpo ateratzearen aurka ipini dituzten helegiteen" ondorioz eman dela defendatzean.

Horrela, Darponek eta Mugicak agindu diete alkateei "ondoko astetan larrialdietako zerbitzua martxan ipiniko dutela". Halaber, "kanpo-kontsultetako zerbitzua ondoko medikuntza-espezialitate berrien irekiagaz handitu egingo dela" jakinarazi diete ere bai: endoskopia zerbitzua eta kirurgia handi anbulatorioko ebakuntza-gelak. Zentzu horretan, ireki osteko lehen hilabeteotan ospitaleak izan duen jarduera azaldu diete  bertaratutako alkateei: 29.000 kontsultatik gora eta 18.000 probatik gora.

Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunek bileran adierazi dutenez, "ospitalizazio-zerbitzuaren funtzionamendua bermatzeko dena prest badago ere, zerbitzuaren irekiera atzeratu" beharra dago; euren berbetan, "garbiketa, ikuztegia eta sukaldaritza zerbitzuak kanpora ateratzearen aurka sindikatuek aurkeztu duten helegitea onartzeko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) hartu duen erabakia" litzateke horren arrazoia. Zentzu horretan, "Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari KEAOren erabakia etetea eskatuko zaiola" aurreratu diete alkateei; hori eginda, Urdulizko Alfredo Espinosak Osakidetzako beste eskualdeko ospitale denek duten azpikontratazioaren bidezko "kudeaketa-sistema berbera izango du". Zentzu horretan, Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunek beste behin berretsi dute Osakidetzan, "erakunde publiko gehienetan bezalaxe, garbiketa, ikuztegi eta sukaldaritza zerbitzua espezializatutako enpresen esku uztea erabakirik egokiena dela, funtzionario publikoen eskutan utzi ordez".

Azkenik, sailburuak zein Osakidetzako Zuzendariak konpromisoa hartu dute Urdulizko ospitalearen arreta jasoko duten udalerrien alkateak zerbitzuen garapenaren eta irekiaren inguruan unean-unean jakinaren gainean izateko. Aipatutako "garapena prozesu zaila da beti ere tamaina honetako ospitale batean". Amaitzeko, ospitale osoa ahalik eta azkarren irekitzeko helburuagaz elkarregaz lan egiteko konpromisoa hartu dute, "eskualdeko 175.000 biztanleen mesederako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun