Javier Otxoa klasikarako inskripzioa zabaldu dute

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 5a, 10:00
Otxoa Punta Galeako txirrindulari gazteakaz, artxiboko irudian. © PUNTA GALEA

Datorren apirilaren 29an, zapatuan, Javier Otxoa klasika antolatuko du Punta Galea txirrindulari-elkarteak. Ohi legez, zikloturistentzako txango horren bidez Javier Otxoa txirrindulariari gorazarre egingo dio klub getxoztarrak ibilbidearen 32. edizioan; Randonnée Punta Galea klasika gisa ere ezaguna da proba, 2005ean Otxoari eskaini aurretik hori baitzen izen ofiziala.

Daborduko aurretiko inskripzioa egin daiteke, Punta Galearen webgunean, hilaren 27ra arte. Izen-ematea behin betikoa izan dadin, ordainketa egin beharra dago. Klubak azaldu duenez, federatuek 20 euro ordainduko beharko dituzte eta federatuta ez daudenek 30 euro. Aurretiko izen-ematea egingo dutenen artean zenbait opari zozkatuko ditu Punta Galeak. Dortsalak probaren egunean bertan hartuko dira, goizeko 07:30etik aurrera, Getxoko Andra Mari kiroldegian, behin ordainagiria erakutsita.

Ibilbidea azken urteotako berbera izango da: goizeko 09:00etan, Andra Mari kiroldegitik aterako dira txirrindulariak; Aretxabala, Sollube eta Andraka atzean utzi eta 101 kilometro bete ondoren, Getxoko Andra Mari kiroldegiraino bueltatuko dira. Javier Otxoa txirrindulari berangoztarra 2001ean harrapatu zuen auto batek; ordutik hona kirol paralinpikoan ibili da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun