Korrika 20

Korrikaren hasiera zuzenean eskainiko du HIRUKAk, 16:00etan

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 30a, 13:55

Korrikaren 20. edizioa abiatuko da gaur, Otxandion. 16:00etatik aurrera zuzenean horren berri emango du HIRUKAk, euskal hedabideen bideo-emankizuna zabalduz. Saioa 17:15ak arte iraungo du; tartean, hasiera-ekitaldia eta Joseba Kanpo euskaltzale itzubaltzetarra zena omentzeko kilometroa ikusi ahal izango da.

1980. urtean ipini zituen lekuko batek lehen aldiz euskaldunak eta euskaltzaleak korrika, eta 17 urte geroago, hogeigarren edizioan ere, ez dira faltako hasiera horretako emozioa eta grina. Denok biltzen gaituen ekitaldi horren garrantzia aintzat hartuta, euskarazko zenbait hedabideok irteeran eta amaieran, Otxandion eta Iruñean, elkarlanean telebista-saio bateratu bana egitea erabaki dugu Korrikak gizartean duen babesaren adierazle.

Duela bi urte egin genuen tamaina horretako elkarlana lehen aldiz, Korrika Urepeletik abiatu zenean. Saioak izandako emaitza ona ikusita Bilboko amaiera ekitaldian berriro egitea erabaki genuen. Lekuko horri helduz, aurten ere berriro elkartuko gara Berria, EITB, Goiena, Hamaika Telebista, Kanaldude, Tokikom, Xaloa Telebista eta HIRUKA elkarlan horretan. Auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko komunikabideok gure egiten ditugu euskararen aldeko ekitaldi honetan, herritarrak euskarara batzeko AEK-k egindako gonbidapena onartuz.

Otxandioko saioa martxoaren 30ean 16:00etan hasiko da. HIRUKAn eta beste hedabideetako webguneetan, ikusi ahal izango da zuzenean. Ilaski Serrano ETBkoa eta Ekhiñe Atorrasagasti Hamaikakoa izango dira aurkezle, eta beste hedabideetako kazetariek berriemaile-lanetan jardungo dute. Elkarrizketak eta, batez ere, Otxandioko giroa eskainiko ditu saioak zuzenean. Korrikaren lehen kilometroak ere jarraitu ahal izango dira 20. Korrikaren abiatzea saioan.

Korrika Uribe Kostan

Apirilaren 5ean, 23:40ak aldera helduko da Korrika Uribe Kostara; ordu horretan sartuko da lasterketa Urdulizera. Lauzkiztik. Hala, apirilaren 6an, ordu txikitan, eskualdea zeharkatuko du; eta Lutxanako arraunlarien laguntzaz itsasadarra gurutzatuta joango da Ezkerralderantz. Gauean berriro ere, 21:25ak aldera, Erandiogoikora itzuliko da Korrika; handik aurrera bidean aurrera egingo du, Iruñeraino heldu arte.

Hilaren 5eko eta 6ko egunek emandakoa apirilaren 7an jasoko du HIRUKA astekariak.

Korrikaren amaiera ere, zuzenean

Iruñekoa, berriz, apirilaren 9an izango da, eta hori ere HIRUKAn ikusi ahal izango da zuzenean, eguerdian, beste hedabideon webguneetan eta ETB2, Hamaika eta Xaloa telebista kateetan legez. Saio horretan azken kilometroak eta amaiera-ekitaldia jarraitu ahal izango dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun