Sakoneta gimnastika-taldeak irabazi du taldekako Bizkaia Kirolak saria

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 11a, 13:00
Saridunak, atzoko ekitaldian. © BFA

Oinarri-kirolean egindako lana saritu zuen atzo Foru Aldundiak Bizkaia Kirolak sarien bidez. Talde-kirolean, lehen mailako Sakoneta gimnastika-taldeak jaso zuen saria. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azaldu zuenez, "Bizkaia Kirol sariakaz kirolariok egiten duzuen ahalegina aitortu gura dugu, eskertu, eta aurrera begira ere kirola egiten segi dezazuen bultzatu gura dugu". Bilboko Bizkaia frontoian egin zuten ekitaldia ehunka kirol-eragileren aurrean.

Bestelako Bizkaiko Kirolak sarien irabazleak honakoak izan ziren: banakako kirolean, Ariane Ochoa Torres (surfa-surfboarda); bikotekako kirolean, Lidia Castañera Mejias eta Ainhoa Navas Rio (igeriketa sinkronizatua); oinarrizko kiroleko arbitroen kategorian, Eugenio Castrillo Fernandez (taekwondoa); entrenatzaileen saria, Juan Solis Godoy (taekwondoa); eta, azkenik, erakundeentzako saria, Markinako Esku Pilota Taldea.

Hala, izendatuta egon ostean sari barik geratu dira Uribe Kostako klubetako edo uribekostarrak diren hainbat kirolari eta klubak. Talde-kirolaren kategorian, finalista denak ziren uribekostarrak: Leioako Askartza Claret-eko waterpoloko gazteak eta Leioako emakumezkoen gazte-kadete waterpolo-taldea eta Basauriko Javi Conde atletismo egokituko kluba, Jon Salvador atleta erandioztarra parte hartzen duena. Banakako kirolaren kategorian, Saioa Agirre Elordui gimnasta zen Uribe Kostako finalista. Bestalde, bikotekako kirolaren kategorian hauek izan dira finalista uribekostarrak: Iñigo eta Andoni Lejarraga anaiak (bela-kirolariak). Oinarrizko kiroleko entrenatzaileen saria jasotzeko aukerak zituztenak hauek ziren: Asier Elordui Pintado (karate) eta Jon López Sáez eta Josu Berrenetxea García (waterpolo). Bukatzeko, Bizkaia Kirolak 2017 Sarien oinarrizko kiroleko erakunde kategorian Leioa Waterpolo kluba zen hautagaia.

Uribekostarrak ere sariak banatzen

Ibilbide profesional garrantzitsua gauzatu duten kirolariek banatu dituzte sei kategorietako sariak, besteak beste hauek: Igone Arribas (Sakonetako gimnastika erritmikokoa, Atlantako olinpiar jokoetan parte hartu zuen) eta María Lopez de Eguilaz (Jolaseta Hockey taldekoa, 2016an Rio de Janeiron eta Beijineko olinpiar jokoetan parte hartu zuen) eta Eider Merino (Lointek Txirrindularitza Taldeko txirrindulari profesionala).

Bizkaiko Foru Aldundiak berritu du Bizkaia Kirolak Sariak; edizio honetan, foru-erakundeak oinarrizko kiroleko kirolari eta erakundeek egindako lana goraipatu zuen Bizkaia Frontoian ehunka kirol-eragileren aurrean egindako ekitaldian. Unai Rementeriak eta Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak gidatu zuten ekitaldia.

Rementeriak hauxe azpimarratu zuen: "Kirola lehiakortasuna da, argi dago. Mundu honetan irabaztearen garrantzia azpimarratzen da nonahi. Bizitzan aukera bi omen daude: irabazle izan edo galtzaile. Ikuspegia zabaldu gura dut. Kirolak beste gauza asko lantzeko balio du: galtzen eta irabazten jakitea. Taldean bizi izaten jakitea. Diziplina zer dan jakitea, ahalegina, lana.  Disfrutatzen jakitea, ondo pasatzen jakitea. Hau funtsezkoa da bizitzan: disfrutatzea. Askok gogoan izango duzue azken aldian gazteen partidetan izandako gertakari lotsagarriak. Horiek ezin ditugu onartu. Guztion erantzukizuna da joko garbia mantentzea. Errespetua, hori besterik ez dizuet eskatzen".

Aldundiak Bizkaiko kirol-sistema osatzen duten eragile ahalik eta gehienak goraipatu zituen. Denera, 122 hautagaitza aurkeztu ziren aurten eta atzo Bizkaia Frontoian egindako ekitaldian Bizkaia Kirolak sariak jasotzeko aukera zuten 24 finalistak egon ziren.

2017ko Bizkaia Kirolak sarien helburua izan da kirolaren arloan 2016an egindako lana jendaurrean aitortzea. Hala, foru-erakundeak urterik urte sekulako emaitzak lortu dituzten kirolari gazte bizkaitarren lana goraipatu zituen, urte horretan oinarrizko kirolean egindako lana nabarmenduz. Sari horien helburua izan da 1996 eta 2001 urteen artean jaio ziren kirolari bizkaitarrek 2016an lortutako kirol-merezimenduak nabarmentzeaz gainera, Oinarrizko Kirola sustatu duten langile teknikoak eta erakundeak saritzea. Azken finean, sari horiekaz Bizkaiak lortu gura duena "kiroleko alorrean gazteenen talentua sustatu eta babestea da", Euskara eta Kultura Sailaren iturriek azaldu dutenez.

Uribe Kostarako sari horiek zuten garrantziaren erakusle izan zen Leioa eta Urduliz udaletako ordezkarien presentzia Bizkaia Frontoian, foru-arduradunakaz eta Bizkaiko Batzar Nagusien ordezkariakaz batera.

Irabazleen profila

Lehen kategoriako Sakoneta gimnastika-taldeak talde-kirolaren ataleko saria lortu zuen, "izugarri ondo" jardun duelako parte hartu duen lehiaketa denetan. Nabarmendu beharra dago Euskadiko Txapelketan lehena izan zela, eta Taldeen Txapelketa Nazionalean, berriz, laugarren geratu zela.

Ariane Ochoa Torres bilbotarrak banakako kirolaren kategoriako saria jaso zuen 2016. urtean erakutsitako kirol-maila bikainarengatik. Bereziki azpimarratzekoa da Europako Junior Txapelketako 2. postua lortu zuela eta, horrenbestez, hirugarren kokatu dela Europako WSL Open sailkapenean, eta 44. lekuan, berriz, mundu-mailan.

Igeriketa sinkronizatuko Lidia Castañera Mejias eta Ainhoa Navas del Rio Portugaleteko Nautikako kirolariek Bizkaia Kirolak saria irabazi zuten binakako kirolaren kategorian, euren ariketak egiterakoan eta sinkronizazioan lortutako maila bikainarengatik. Hain zuzen, lehenengo postua lortu zuten Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan, eta Umeen Espainiako Udako Txapelketako finalera iritsi ziren.

Juan Solis Godoy taekwondoko entrenatzaile basauriarrari eman zioten entrenatzaile onenaren kategoriako saria, entrenatzaile lanetan egindako ibilbideagatik. Berak trebatu dituen kirolariek sailkapenetan emaitza handiak lortu dituzte, eta 2016. urtean munduko entrenatzailerik onenetakoa izan zen.

Eugenio Castrillo Fernandez taekwondoko arbitro basauriarrak jaso zuen Bizkaia Kirolak saria arbitroen kategorian, oinarrizko kirolaren alde gogotik lan egin duelako. Lurraldeko, Estatuko eta nazioarteko hainbat eta hainbat txapelketatan parte hartu du; arbitro eta antolatzaile jardun du, baita arbitrajearen zuzendaritzan ere.

Erakundeen kategorian, azkenik, Markinako Esku Pilota Taldeari eman zioten saria, kirolaririk gazteenen artean egiten duen lan garrantzitsuagatik. Lan horren emaitza izan da azken 9 urteetan bost aldiz irabaztea Herriarteko Txapelketa ospetsua, bere udalerria ordezkatuz. Azken garaipena 2016. urtean lortu zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun