Bizkaiko Zubiaren Maratoi Erdirako izen-ematea zabalik dago

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 11a, 14:05

Lasterketaren artxiboko irudia. © GETXOKO UDALA

Datorren apirilaren 30ean, domekan, Bizkaiko Zubiaren Maratoi Erdiaren laugarren edizioa egingo dute, 10:30etik aurrera. Herri-lasterketa izaera dauka probak eta Getxo eta Portugaleteko herriak lotzen ditu, 21.097 metroko ibilbide baten bidez. Lasterketa Bizkaiko Atletismo Federazioak antolatzen du, Bilboko, Portugaleteko eta Getxoko udalen laguntzagaz.

Aurten, korrikaldia Bizkaiko Zubiaren plazatik aterako da, Portugaleteko Canilla pasealekuan amaitzeko. Patinen gaineko kirolariak 10:30ean irtengo dira, eta lasterkariak 10:45ean. Itsasadarraren eskumaldetik egingo du aurrera, Erandio eta Leioatik, Bilbon sartu eta Euskalduna zubiraino heldu arte. Bertatik ezkerralderantz segituko du, Barakaldo eta Sestao atzean utzi eta Portugaleten ipinitako helmugara iristeko, 21 kilometroak beteta.

Ibilbidea betetzeko gehienez 2 ordu eta 45 minutu ezarri dituzte. Ibilbidea bukatu ez duten parte-hartzaileek, denbora horren ondoren, lasterketa utzi egin beharko dute.

Inskripzioak

Izen-ematea 21kpuentebizkaia.com webgunearen bitartez egin daiteke apirilaren 23ko 00:00ak arte, probaren egunean adin nagusikoa izan eta 19 euro ordainduz gero. Epe arrunta amaitu ondoren oraindino dortsalak geratuz gero, izena emateko modu bakarra Trirunners eta Kantxa Kirol Moda Getxo udalerriko dendetara jotzea izango litzateke, apirilaren 28an, barikua, eta 29an, zapatua. Leku horietan txipadun dortsalak ere batu daitezke. Aurrez aurreko inskripzio horiek 25 euroko prezioa izango lukete. Edozein kasuan, ez da onartuko izen-ematerik probaren egunean bertan. Zalantzaren bat izanez gero, info@21kpuentebizkaia.com helbide elektronikora idatz daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun