Guztira, 641.914 euro banatuko dute entitate eskatzaileen artean; emakumezkoen eta desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea eta entrenatzaileen prestakuntza teknikoa bezalako irizpideak erabiliko dira.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak foru-dekretu bidez onartu ditu foru diru-laguntzen deialdiaren oinarriak eta arauak, 2016/17 denboraldian Bizkaiko Eskola Kirola programaren barruan sartuta dauden lehiatzeko kirol jardueretan eta Heziki hezkuntza-jardueran parte hartzen duten erakundeentzat. Dekretu horren bidez, Aldundiak kirola eskola-umeen artean sustatu gura du eta, horretarako, laguntza ekonomikoa emango die Bizkaiko Eskola Kirola programan parte hartzen duten entitateei.
Kontuan hartuta Bizkaiko aurrekontu orokorretan kontzeptu horretarako dagoen gehieneko partida 641.914 eurokoa dela, diru-laguntzak hainbanaketa-sistemaren bidez eman eta honako hauen artean banatuko dira: 54 kirol-modalitateetako lehiatzeko kirol jardueretan eta Hezikin parte hartzen duten ikastetxeen edo haien guraso elkarteen artean, kirol-elkarte edo -kluben artean eta udal, udal-erakunde edo kiroleko udal-fundazio publikoen artean.
Taldeko modalitateetan, banakakoetan zein Hezikin, eskaera bakoitzari 15 euro emango zaizkio, gehienez, jokalariko. Kopuru hori %15ean gehitu ahal izango da zenbait irizpideetan oinarrituta, hala nola emakumeen partaidetza eta %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonen partaidetza. Aldundiak zehaztu duenez, "Herri-kirolen edo arraunaren modalitateetan parte hartzen dutenen kasuan ere aplikatuko da gehikuntza hori".
Horrez gainera, taldeko 500 euro arteko diru-laguntzak emango dituzte askotariko kirol-hastapenaren modalitaterako, eta 400 euro artekoak, 9ko futboleko emakumezkoen haurren kategoriako taldeentzat. Azkenik, arbitroentzako diru-laguntzak ere arautzen dira: 10 euro partidako. Eta erakundeko kirol-arduradunen eta entrenatzaileen prestakuntzaren araberako puntuazioa ezarriko da.
Eskaerak eredu ofizialean aurkeztu beharra dago, maiatzaren 15etik 26ra bitartean. Eredua foru-webgunetik jaits daiteke.