Ahaldun nagusiak Batzar Nagusiei eman die Gazteriaren Urtearen berri, EH Bilduk Gaztedi Bizkaia 2020 foru-estrategiaren inguruan egin dion galdera erantzutean. Rementeriak azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak gazteei aukerak eskaintzeko lantzen diharduen apustua, eta apustu horren haritik 2017. urtea Gazteriaren Urtea izendatu du, "Bizkaia Goazen Gazteak" lelopean. Horren barruan, Rementeriak garrantzia eman dio udalakaz indarrak batzeari, gazteriaren enplegua eta trebakuntza sustatzeko, eskualde-hitzarmenen bidez; modu berean, nabarmendu du programa horien helburua lehendabiziko lan-esperientzia lortzen laguntzea dela.
Daborduko, eskualde-mailako sei hitzarmen sinatu ditu Aldundiak, Mungialdea, Nerbioi-Ibaizabal, Busturialdea, Lea-Artibai, Meatzaldea eta Enkarterriak eskualdeakaz; akordio horiek 2019. urtera arteko indarraldia izango dute. Gainera, iragarri du datozen asteotan gainerako eskualdeakaz beste sei hitzarmen sinatzeko lanean dabiltzala, Uribe Kosta, Arratia, Bilbo, Durangaldea, Ezkerraldea eta Txorierrigaz.
Orain arte, modu "horretako jardueretan parte hartu duten gazteen %42k lortu dute azkenean kontratatuak izatea, lanekoak ez diren praktikak egin dituzten enpresetan" azpimarratu du Rementeriak. "Ia milioi bat euroko zenbatekoa ipini dugu udalek eta Aldundiak, bat egin eta indarrak batzen ditugun eskualde-mailako hitzarmenak bultzatzeko", erantsi du ahaldun nagusiak.
Eskualde-hitzarmen horiez gainera, Aldundiak bultzatzen diharduen beste neurri batzuk ere aipatu ditu Rementeriak: 30 urtez beherako gazteen enplegua sustatzeko dekretua, 2,4 milioi euroko aurrekontuagaz; 30 urtez beherako gazteak kontratatzen dituzten enpresentzako Sozietateen gaineko Zergako kenkariak; gazteen enplegu-anezkak; eta mundu-mailako erreferentziazko zentroetan Bizkaiko gazteek prestakuntza lor dezaten BBK Fundazioarekin lankidetzan bultzatuko duen beka-programa. "Erreferentziazko zentro horietan trebatzen ari diren pertsonen itzulera bermatu nahi dugu, eskuratu dituzten ezagutzak eta eskumenak Bizkaian ezar ditzaten", adierazi duenez.