EAJk hainbat batzokiren aurkako "eraso koldarrak" salatu ditu

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 5a, 11:50
Algortako baztokiaren fatxada. © EAJ

Egunotan zenbait ezezagunek margoa jaurti eta pintaketak egin dituzte hainbat batzokitan, tartean Algortakoan. Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) gaitzetsi ditu horrelako ekintzak, eta lotu ditu Espainiako Gobernuagaz lortu duen aurrekontuaren inguruko akordioagaz. Ezker abertzaleari gertaera horien aurrean "bere jarrera azal dezala" eskatu dio alderdiak, atzo zabaldutako ohar batean.

Algortan, eguaztenetik eguenera bitarteko gauean jaurti zuten margo horia eta gorria batzokiko fatxadaren aurka. Beste egoitza batzuetan PP alderdiaren logotipoa marraztu, eta "PNV, herriaren etsai!" edo "Dime con quién andas y te diré q..." bezalako testuak idatzi dituzte sprayagaz, batzokietako leihoetan eta hormetan.

EAJren oharra:

Bart gauean hainbat batzokiren kontra eta "euskal gehiengoaren iritziaren aurka" egin diren "eraso koldarrak" gaitzetsi ditu EAJk.

Talde jeltzaleak Ezker Abertzaleari eskatu dio eraso horien aurrean bere jarrera azal dezala.

EAJ-PNVk irmotasun osoz gaitzetsi ditu pertsona ezezagunek bart gauean Euskadiko hainbat herritako batzokiren kontra eta euskal gizartearen gehiengo zabal baten aurka egin dituzten eraso antidemokratiko,anonimo eta koldarrak. Jeltzaleen hainbat egoitza margo gorri eta horiz eginiko pintadekin agertu dira gaur goizean, PP alderdiaren logotipoarekin eta EAJ-PNVk atzo Espainiako Gobernuarekin izenpetu zuen akordio bikainari buruzko esaldiekin. Hitzarmena, zalantzarik gabe, gogobetez hartu da Euskadiko gizartearen gehiengo zabal baten aldetik. Hainbat batzokitan “Dime con quién andas y te dirá quién eres” esaldiarekin egin diren pintaden aurrean EAJk zera erantzun nahi du: "Zure izena jartzen ez duzunez, badakit nor zaren".

EAJ-PNVk eraso koldar hauek egin direla aprobetxatu nahi du Ezker Abertzaleari, talde jeltzaleak Espainiako Gobernuarekin hitzartu duen akordioarekin horren kritiko agertu denari, eraso hauen aurrean bere irizpidea azal dezan, erasoak ahoz defendatzen duen demokraziaren kontrakoak direlako. Era berean, Ezker Abertzaleko buru eta bozeramaileei eskatu nahi die une batez esloganak, kritika zinikoa eta iraina albo batean utz ditzatela euskal hiritargoari azaltzeko Euskadirentzat horren onuragarria izango den akordioak Euskadiko biztanleriari zertan kalte egiten dion. Aitor Estebanek gaur goizean Diputatuen Kongresuan azaldu duen bezala "EAJk lortu duen akordioa euskal herritarrontzat txarra dela esatea, egia ez esatea da. Akordio bikaina da Euskadirentzat, ez dio inori kalte egiten eta denoi interesatzen zaizkigun printzipioen alde egiten du".

Euzko Alderdi Jeltzalea, 2015eko maiatzaren 4an

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun