Ekonomia  Erandio  Uribe Kosta 2017-05-10 18:15

Lan-poltsak zabaldu ditu Erandioko Udalak

Hamar lanpostu-mota betetzeko lan-poltsak osatzeko deia egin du Erandioko Udalak.

Lan-poltsak zabaldu ditu Erandioko Udalak
Besteak beste, Erandioko Udal Musika Eskolarako irakasle-lanpostuak daude lan-poltsan. © ERANDIOKO UDALA | Ikusi handiago | Argazki originala

Udal zerbitzuetan eman daitezkeen "aldi baterako edo noizbehinkako premiei erantzuteko", lan-poltsak osatzeko deialdia egin du Erandioko Udalak. Denera, erakundeak honako hamar lanpostuetarako sortu ditu lan-poltsak: peoi, lur-emaile, garbitzaile, atezain, etxeko laguntzaile, administrari, liburutegiko arduradun, musika-irakasle, euskaltegiko irakasle eta gizarte langile.

Hizkuntza-eskakizunak

Erakundeak zabaldu duenez, horietako bost lanpostutarako ezinbestekoa izango da hizkuntza-eskakizunen bat aurkeztea. Hala, euskaltegiko irakasleen lan-poltsara aurkezteko, 4. profila (C2) izatea beharrezkoa da; administrari, gizarte langile edo liburutegiko arduradun izan gura dutenek 3. hizkuntza-eskakizuna izan beharko dute, EGAren edo C1en baliokidea. Atezainek, ostera, B2 maila edo 2. profila dutela egiaztatu beharko dute.

Musika-irakasleen kasuan, lan-poltsara aurkezteko ez dute aurretik hizkuntza-eskakizunik eskatu, baina arlo gehienetan C1 maila egiaztatuko dutenen zerrendatik hartuko dituzte behin-behineko irakasleak. Hala egingo dute honako ikasgai eta musika-tresnakaz: Musika Hizkuntza, pianoa, akordeoia, gitarra, biolina, zeharkako flauta, klarinetea, saxofoia, tronpeta eta trikiti-panderoa. Biolontxeloa eta bateriaren kasuan, ostera, ez da beharrezkoa hizkuntza-eskakizunik aurkeztea, eta meritu gisa baloratuko da, puntuazio osoaren %16,66gaz. Modu berean jokatuko dute peoi, lur-emaile. garbitzaile eta etxeko-laguntzaile izateko lan-poltsetan.

Daborduko, eskaerak aurkez daitezke peoi, lur-emaile, garbitzaile eta atezain izateko lan-poltsetan, hilaren 16ra arte. Hurrengo egunean, etxeko laguntzaile, administrari eta liburutegiko arduradunentzako lan-poltsak zabalduko dituzte, hilaren 26ra arte. Azkenik, musika-irakasleek, euskaltegiko irakasleek eta gizarte langileek maiatzaren 29tik ekainaren 7ra izango dute izena emateko aukera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa