Sakonean

Gutiziak ala hilgarriak

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 10a, 14:38

"Boletus Edulis" gisako onddoak aurki daitezke inguruotan.

Zumezko saskia hartuta, mendiko botak jantzi eta perretxiko bila joatea ohikoa da inguruotan. Urte osoan egoten da aukera perretxikoak eta onddoak batzeko; hala ere, udaren akabuan eta udagoienaren hasieran joaten da jende gehien basoetara aleen bila. Euskal Herrian eta Uribe Kostan askotariko espezieak aurki daitezke, jangarriak zein hilgarriak. Getxoko Basozaleak Elkarte Mikologiko eta Botanikoa Mikologiko eta Botanikoak azaldu duenez, "batzuetan, lekuan bertan argitu behar izaten da espezie bat toxikoa den edo ez, lurretik batu baino lehen". Hori dela eta, askotariko espezieak batzen dituen liburu bat argitaratu dute, "mendira eramateko formatu egokia izan dezan kontutan hartuta". Gida horretan, Euskal Herriko eta inguruotako 79 perretxiko mota bildu dituzte, baita 71 landare ere.

Espezie denak 5 mailatan katalogatu dituzte liburuan: jangarriak, hilgarriak, toxikoak, susmagarriak eta sendabelarrak. Izan ere, Basozaleak elkarteko kideek gogoratu dutenez, ezagutzen ez den espezieren bat jan aurretik, kalte larriak saiheste aldera, gomendagarria da dokumentazioa kontsultatzea, "eta, hori eginda ere zalantzan jarraituz gero, adituei galdetu beharko litzateke. Gogoratu beharra dago perretxiko eta landare guztiak jan egiten direla, baina batzuk behin baino ez". Hori dela eta, Basozaleak elkarteak liburu horren 1.000 ale kaleratu ditu; gura duenak gida hori eros dezake Algortako Aldai Patronatuan duten bulegoan, 5 euroren truke (kideek 3 euroan eskuratu ahal izango dute): "gure helburua da jendeak gida hau erabiltzea. Liburu praktikoa da, mendira eramatekoa". Era berean, azaldu dutenez, elkarteak bulegoko ateak zabalik ditu interesa duen edonork edozein galdera egiteko, astelehen eta eguenetan, 19:00etatik 20:30era.

Liburuan 150 espezie agertzen dira. Era berean, perretxikoak eta landareak batzeko hainbat gomendio ematen dituzte adituek. Hala, perretxikoen kasuan, ziur ez gaudenean, horien oina ez moztea aholkatzen dute, horiek funtsezkoak direlako zenbait espezie identifikatzeko. «Halakoetan okertzea hilgarria gerta daiteke. Adibidez, oina mozten baduzu, 'Amanita phalloides' bat (Hiltzaile berdea, hilgarria) 'Russula virescens' bat (Gibelurdina, erabat jangarria) dela pentsa daiteke". Landareak batzerako orduan ere kontsumitu gura den espeziea "ziurtasunez" identifikatu beharra dagoela aholkatzen dute: "zalantzarik txikiena baduzu ere, hobe da gai horren inguruko aditu bati galdetzea, edo bestela ez hartu; landare batzuk oso pozoitsuak izan daitezke".

Azaldu dutenez, zenbait landarek gure osasunari kalte egin diezaioketen sustantziak dituzte, hala nola nitratoa, oxalatoa eta saponinak. Era berean, kutsatuta egon daitezkeen eremuetatik landarerik hartu beharra ez dagoela gogoratu dute, "lurrean dauden sustantzia toxikoak xurgatu ahal dituztelako".

Istripuak landare eta perretxikoakaz

Angel Asensio Basozaleak elkarteko presidenteak eta Enrique Elexpuru elkarteko kidea eta botanikan adituak diotenez, Uribe Kostan askotariko perretxikoak eta landareak aurki daitezke. Perretxikoen artean, onddoak dira nagusi, "aniztasun handia dago". Hala ere, horiek batzerako orduan kontu handiz ibiltzea gomendatzen dute. "Ez da edozer gauza hartu behar, oso arriskutsua da", aitortu du Asensiok.

Denen artean, Hiltzaile berdea (Amanita phalloides) da arriskutsuena, "hori jan eta ondorioak 15 egunera nabaritzen dituzu. Ohikoena da zirrosia eragitea", ohartarazi du. Beste batzuk, ordea, toxikoak izan arren, beherakoa edo kakapirria baino ez dute eragiten, berbarako, Azpibeltz tintausain-argia (Agaricus xanthodermus). Azken horregaz, azaldu dutenez, ohikoa da bestelako Agaricus familiako onddoakaz nahastea, hala nola Barrengorria (Agaricus campestris). "Dena dela, horiek biak nahastu arren, kozinatuz gero Azpibeltzak berak abisua emango du, usain oso txarra botatzen duelako egosterako orduan", azaldu du Asensiok. Inguruotan onak ere badaude, hala nola Onddobeltza (Boletus aereus), pinudietan; eta Galanpernak (Macrolepiota procera).

Landareei dagokienez, aniztasun handia dago gure eskualdean. "Interesanteenak orkideak dira, askotarikoak ditugu inguruotan", iragarri du Elexpuruk. Dioenez, kostaldean hainbat aurki daitezke, "bertan bakarrik agertzen direnak". Izan ere, kostaldeko haizeek lurrunketa handiagoa eragiten dute, "klima mediterraneoagoa eraginda". Hori dela eta, ohikoa da Galea eta Billano lurmutur inguruetan Mediterraneo aldean ager daitezkeen landareak aurkitzea, hala nola Sugegorri-belarra (Echium vulgare) eta Txilar burusoila (Erica vagans).

Gurean askotariko landaredia dago, toxikoa, jangarria zein medizinala. Elexpururen arabera, azken urteotan ez da ohikoa jateko landareak batzen ibiltzea; hala ere, aitortzen du badaudela batzuk oso onuragarriak direnak jendearentzat, berbarako, Asuna (Urtica dioica), Intsusa (Sambucus nigra) eta Azeri-buztana (Equisetum telmateia).

Bestalde, badaude toxikoak direnak ere. Elexpuruk gogora ekarri duenez, azkenaldian arazoak egon dira Estramonioagaz (Datura stramonium), hori erabilita drogatzen direnak egon badaudelako. Horrez gainera, botanikan adituak azaldu du landare horiek kontsumitzea errusiar erruletan jolastearen antzerakoa dela, "bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea oso fina da landare horrekaz. Izan ere, klimak eragin handia du landareek duten toxikotasunean; klima lehorretan toxikoagoak izaten dira hezeetan baino". Jangarriak direnen kasuan, arazoak eman daitezke baita ere. Iturri-belarra (Nasturtium officinale) ipini du adibidetzat, "askotan oso toxikoa den Deabruaren arbiagaz (Oenathe crocata) nahasten delako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun