Algortan eta Sopelan egingo dituzte Bizkaiko Eskola Kirolaren finaletako batzuk

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 12a, 13:28
Bizkaiko Eskolarteko Kirol Jokoen artxiboko irudia. © BFA

Pasa den zapatuan Zorrotzan hasi ziren Bizkaiko eskolarteko kirol-lehiaketen finalak, atletismoko probakaz. Halere, aste-akabu honetan eta hurrengoan egingo dira final gehienak. Sei mila umek baino gehiagok hartuko dute parte eskolartekoetako finaletan, tartean Algortan eta Sopelan.

Maiatzaren 13, 14, 20 eta 21ean izango dira geratzen diren 35 finalak, Sestao, Ortuella, Barakaldo, Bermeo, Bilbo, Durango, Sopela eta Getxo udalerrietan. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Eskola Kirola 2016-2017ko programaren azken ekitaldi horiek Bizkaiko udalerrien eta kirol federazioen lankidetzari esker egingo da.

Uribe Kostan, honako probak egingo dituzte: bihar, zapatuan, errugbi-finala jokatuko dute Fadurako kiroldegiko "bonboi-kaxan"; bihar ere, hondartza-boleibolaren finalak izango dira, Ereaga hondartza, kimu eta benjamin kategorietan; azkenik, maiatzaren 21ean, domekan, mendi- eta eskalada-probak egingo dituzte Sopelako inguruetan, foru-iturriek azaldu dutenez.

Eskola Kirola 2016-2017ko programaren azken ekitaldia dira eskolarteko finalak: Finaletan, 6.000 eskola-umek baino gehiagok hartuko dute parte, programatutako 36 diziplinatan: gimnasia erritmokoa, aerobica, eskubaloia, boleibola, herri kirolak, karatea, abiadura-patinajea, lerroko patinen gaineko hockeya, patinaje artistikoa, gynkana, mahai-tenisa, hondartzako boleibola, skateboarda, futbola, igeriketa, igeriketa sinkronizatua, xakea, saskibaloia, tenisa, arraunketa, piraguismoa, eskupilota, zesta punta, trinketeko pala, atletismoa, mendia, eskalada eta errugbia. Parte-hartzaile denek kamiseta bat jasoko dute sari gisa.

Eskolarteko Jokoetan, lehiaketa-jardueren finalak eta hastapen-jardueren finalak (mendia) uztartzen dira. Horrez gainera, aukera ona da Bizkaiko gizarteak beste kirol-modalitate batzuk ezagutzeko; berbarako Txikiboxa.

Eskolarteko finaletan, ez da faltako Heziki, Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu garrantzitsuenetako bat. Heziki Bizkaiko Foru Aldundiak 2014-2015 denboraldian martxan ipinitako ekimen bat da; horren helburua da umeak prestatzea beren kirol-erronkak lortzeko, parte hartzeari eta errendimenduari dagokionez, trebetasun motorrak eskuratzeko hain garrantzitsua den etapan. Betiere kontuan hartuta etapa horretan zer gaitasun eta trebetasun garatu behar dituzten. Urte biko plana bat egiten da: asteko saio bi dira, ikasturtea dirauen zortzi hilabeteetan.

Beraz, egunotan Aldundiak ikusarazi gura du zer zabala den Eskola Kirola programaren eskaintza, eta, horretarako, Bizkaiko eskola-umeek praktikatzen dituzten kirol-modalitate denetara heldu gura izan du. Parte hartzen dabiltzan Bizkaiko udalerrien lankidetzari esker izan da posible ekimen hori egitea, euren kirolguneak eskaini baitituzte. Aurten Sestao izango da jokoen egoitza nagusia, baina beste udalerri batzuetan ere egingo dira finalak: Getxo, Sopela , Ortuella,  Bilbo, Bermeo, Barakaldo eta Durango.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun