Zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanek aitortza jaso dute CAF-Elhuyar sarietan

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 17a, 12:16

Saridunen talde-argazkia. © ELHUYAR FUNDAZIOA

Josu Doncel Vicente (Getxo, 1985) matematikari algortarrak irabazi du CAF-Elhuyarren doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, "Sareen arteko komunikazioak bizkortzea: bide optimoa aurkitzen duten algoritmoak" lanagaz. Joan den barikuan, hilaren 12an, banatu zituzten sariak, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Sariketaren helburua da zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dutenen lana aitortzea eta xede horregaz bat egiten duten proiektuak bultzatzea.

Guztira, 60 lan aztertu dituzte epaimahaikideek, eta, haietatik, hauek izan dira saritutako lanak, kategoriaren arabera:

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Gorka Azkune Galparsorok irabazi du, adimen artifizialari buruzko artikulu bategaz: "Intuizioaren bide ilunak argitzen". Azkunek (Azpeitia, 1982) iaz aurkeztu zuen adimen artifizialari buruzko tesia, eta, gaur egun, DeustoTech Institutuan ari da ikertzaile, arlo berean esparruko ikerketetan sakontzen.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Josu Doncel Vicentek eskuratu du, "Sareen arteko komunikazioak bizkortzea: bide optimoa aurkitzen duten algoritmoak" lanagaz. Doncel Matematikan doktore da, eta matematika aplikatuan espezializatuta dago. Frantziako zenbait ikerketa-zentro eta unibertsitatetan lanean aritu ondoren, EHUko Matematika Aplikatua eta Estatistika Saileko irakaslea da gaur egun.

Bestalde, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian, 2016an euskaraz sortu eta argitaratutako lan bat saritu da. Xabier Monasterio Torre irrati-esataria izan da saritua, "Minbizia eta beronen metastasia" izeneko piezarengatik. Monasterio (Bilbo, 1959) idazlea eta itzultzailea da, eta Bilbo Hiria irratian aritzen da esatari-lanetan.

Aurten, gainera, kategoria horietan, sari berri bat izan da lehen sektoreari lotutako lan onenarentzat: NEIKER-Tecnalia saria. Mikel Etxeberria Okarizek irabazi du sari hori, "Udara bat ardiekin, senari jarraika" artikuluagaz. Etxeberria (Beasain, 1994) biologoa da, eta, gaur egun, Madrilen ari da Ekologiako Masterra ikasten. Dibulgazioan ere aritzen da, EuskalNatura blogean idazten baitu 2016az geroztik.

Guztiek ere 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.

Armintxe Animazio Taldeari diru-laguntza

Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eskaintzen dute CAF-Elhuyar sariek, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoan, Armintxe Animazio Taldeak irabazi du, "Armintxe 2017" izeneko proiektuagaz. Armintxe Animazio Taldea Leioako Arte Ederretako fakultateko ikasle, ikasle ohi eta irakasleek osatzen dute, eta animazio-lanak egiten dituzte. Horren erakusgarri da "Beti bezperako koplak" film laburra (Kimuak).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun