Denera, 77 eskaera jaso zituen Basque Team fundazioak; batzorde-teknikoak horietako 57 onartu zituen. Bekak onartzeko edo ukatzeko aurreko denboraldian nazioarte-mailako txapelketetan izandako emaitzak eta parte-hartzeak aintzat hartu zituzten, "balorazio-irizpide zorrotzak ezarrita", Basque Teamek zabaldu duenez.
Laguntza ekonomikoez gainera, bekadunek jasoko dituzte laguntza biomedikoa eta teknikoa, ikasketetan eta lanean hastean eskainitako laguntzak, coaching-zerbitzua eta irudi eta komunikazio zerbitzuak.
Aurten Basque Team sakontzen dabil genero-berdintasuna bultzatzeko eta kirolariek balore eredugarriak transmititzeko bere apustua. Zentzu horretan kirolariek fundazioagaz sinatu behar duten konpromiso-agirian klausula berezi bat gehitu da. Horren arabera, kirolariek ez dute adierazpen arrazista, xenofobo, matxista edo bereizkeriazkorik egingo emakumeen inguruan, eta ez dute intolerantziazko adierazpenik egingo pertsona edo kolektibo jakinen gainean.
Basque Teamen laguntza jasoko dutenetatik 31 dira olinpiar kirolariak, 4 kirolari ez olinpikoak, 8 kirol egokituan dabiltzan kirolariak eta 14 teknikariak. Euren palmaresak garbi erakusten du beka horiek lortu dituzten kirolarien maila: denera, bekak lortu dituzten kirolariek 47 parte-hartze pilatu dituzte Olinpiar Jokoetan eta Joko Paralinpikoetan, eta 98 domina Olinpiar Jokoetan eta Joko Paralinpikoetan eta Europako eta Munduko Txapelketetan.
Santacanak, Garcíak eta López de Eguilazek segituko dute
Gainera, Basque Teamegaz ibilbide luzea duten kirolariek bekatuta segituko dute: Maialen Chourraut (urrea Rio 2016ko Jokoetan eta brontzea Londres 2012ko Jokoetan piraguismo eslalomen), Ander Elosegi (olinpiar diploma Beijing, Londres eta Rion piraguismo eslalomen), Ainhoa Murua (olinpiar diploma Londresen eta lau parte-hartze olinpiko triatloian), Leire Olaberria (brontzea Beijing 2008ko Jokoetan pistako txirrindularitzan), María López de Eguilaz (olinpiar diploma Beijing eta Rion belar-hockeyan) Patxi Peula (24 domina Europako eta Munduko patinaje txapelketetan), Alex Uranga (5. bodyboardeko Munduko zirkuituan eta irabazle Europako zirkuituan 2016. urtean), Lucas Eguibar (Munduko Kopako txapelduna 2015. urtean eta aurtengo munduko txapeldunordea), Jon Santacana (26 domina Munduko txapelketa eta Olinpiar Jokoen artean egokitutako eskian), Asier García (zilarra gurpil-aulkiko saskibaloian Rioko Joko Paralinpikoetan), Bàrbara Pla (olinpiar diploma Rion errugbian) eta Amador Granados (brontzea pistako txirrindularitzan Rioko Joko Paralinpikoetan), besteak beste.
Bestalde, fundazioak bekatutako kirolarien taldera beste lau kirolari sartuko dira: Aitor Francesena, surf egokituko egungo munduko txapelduna; Rocío Ybarra belar-hockeyko jokalaria, 2004ko Atenaseko Jokoetan lehiatu eta Beijing eta Rioko Jokoetan diplomak lortu zituena; Patricia Elorza eskubaloi jokalaria, 2012. urtean Londresen brontzea eta iaz Rion diploma lortu zituena; eta Iñigo Llopis, iaz hiriburu kariokan oko Paralinpikoetan parte hartu zuen igerilaria.
Laguntzetan banatuko diren 536.000 euroetatik, 481.000 euro (%89,74) banakako bekei dagozkie. Aldi berean, aurrekontuaren beste 15.000 euro zuzenduko dituzte kirolarien bidaia, kontzentrazio eta entrenamendu berezietarako, eta beste 40.000 euro emaitzengatik emandako sarietara.
Hamar urte goi-mailako euskal kirola sustatuz
Basque Team Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak sortu zuten 2007. urtean. Hala, fundazioak bere hamargarren urteurrena ospatuko du aurten. Bere hastapenetan bezala, Basque Teamek profesionalak ez diren kirolarien parte-hartzea nazioartean bultzatzeko eta maila bikaineko emaitzak lortzeko helburua du gaur egun ere, eta horretara bideratzen ditu bere baliabideak. 2007tik, fundazioak 139 kirolari bekatu ditu (66 emakume eta 73 gizon), 41 kirol-diziplinatan.