Datorren domekan, ekainaren 4an, elkartasunezko itsas zeharkaldiaren hirugarren aldia egingo dute Algortako Kirol Portuan. Ekimen horretan bilduko den dirua Getxoko eta Leioako Sortarazi elkarteari emango diote antolatzaileek; Sortarazik baztertuta dauden edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonen alde egiten du behar. Elkartasun-ekimen hori The Swimet eta Nergroup taldeek antolatu dute, Getxo Kirolak udal-erakundearen laguntzagaz.
Proba goizeko 12:00etan hasiko da, etorkizun oparoko kategoriako igerialariakaz (14 urtez azpikoak); horiek 350 metroko distantzia bete beharko dute Abrako uretan. 12:20ean, irtengo dira nagusiak, kilometro bateko distantzia betetzeko. Zeharkaldiaren ibilbidea Bolako hondartzan hasiko da, eta helmuga Arriluzeko Gurutze Gorriaren alboan ipiniko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, gura duten igerilariek neoprenozko jantzia eroan ahal izango dute.
Inskripzioa egiteko helduek 15 euro ordaindu beharko dute, Sortarazirentzako dohaintza gisa. Izen-ematea datorren barikura arte, ekainak 2, egin daiteke, Internetez, Sailkapenak.com webgunean. Modu berean, proban parte hartzerik ez dutenek Sortarazi elkarteari euren ekarpena egin ahal izango diote, zero zenbakiko dortsala ekimenaren bidez edo zuzenean antolakuntzagaz harremanetan ipiniz.
Algortako itsas zeharkaldia 2015. urtean egin zuten lehenengo aldiz. Orduan, Rakel Mateo atleta paralinpikoa laguntzeko egin zuten ekimena. Iaz, berriz, Siempre Adelante elkarteari eman zioten laguntza, alboko esklerosi amiotrofikoa gaitza ikertzeko.
Argibide gehiagorako honako bitartekoak erabil daitezke: info@theswimet.com posta elektronikoa eta 630 059 153 telefono-zenbakia.