Eskualdeko aztarnategiak "garrantzi handikoak" direla uste du William Fitzhugh aditu estatubatuarrak

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 2a, 18:15

Iñaki Libano barrikoztarrak eskualdeko aztarnategien inguruko azalpenak eman zizkion William Fitzhugh doktoreari.

Uribe Kostako historiaurreko aztarnategiak ezagutzeko asmoz, Barrikako Kurtziomendi inguruak bisitatu zituen atzo William Fitzhugh antropologo estatubatuarrak, Iñaki Libano arkeologian aditu barrikoztarrak gidatuta. Fitzhugh AEBetako Smithsonian Institutuko Historia Naturaleko Museo Nazionalaren Artikoko Ikerketa Zentroaren zuzendaria da, eta 30 urte baino gehiago daroatza Artikoko herriak ikertzen. Horren arabera, Uribe Kosta "oso interesgarria" da, "garrantzi handiko guneak" dituelako. Era berean, jakinarazi zuen bertoko aztarnategiek Neanderthalen eta Homo Sapiensen arteko talka ezagutzeko aukera eskaintzen duela, "nahasketa kultural eta genetiko bat eman zen edo ez iker daiteke hemen".

Jauzarrea fundazioak gonbidatuta, "40 urtez Artikoan barna bidaiatzen" hitzaldia eman zuen Fitzhugh doktoreak joan den maiatzaren 30ean, Donostiako San Telmo museoan. Horretan, 40 urtetan egindako espedizio zirkunpolarren esperientzien berri eman zituen. Adituak azaldu zuenez, "klima-aldaketek beste eskualde batzuetara bultzatzen ditu espezie guztiak, gizakiak barne, bizirik irauteko borrokan". Horren adibide jarri zituen euskaldunak, Kanadako Ternua eta Labrador inguruetan aztertutako inuiten hainbat aztarnategitan euskaldunek utzitako zantzuak aurkitu baitituzte. Horren ondorioz, euskaldunen eta inuiten artean loturak egon daitezkeela uste du estatubatuarrak: "garai ezberdinetakoak izan arren, antzekotasunak dituzte kultura biek".

Horren harira, Fitzhug-ek azaldu du duela 8.000 urteko Artikoko inuiten tresnak Euskal Herriko duela 40.000 urtekoakaz konpara daitezkeela, "erremintak antzekoak dira; horiek ikertu, alderatu eta ulertu beharra dago".

Kurtziomendi esploratzera

Euskal Herrira egindako bisita aprobetxatuta, Uribe Kostako aztarnategien nondik norakoak ezagutu gura izan ditu Fitzhughek. Horretarako, Barrikara hurbildu zen atzo, Iñaki Libano bertoko arkeologia-aditua eta Xabi Otero Jauzarrea fundazioko kidea lagunduta, besteak beste. Libanok azaldu zuenez, Uribe Kosta "garrantzi handiko gunea" izan zen historiaurrean, bertoko flyscharen silexa kalitate "handikoa" baita: "lantzeko oso ona da, kristalizazio txikikoa eta oso purua". Hala, historiaurreko 65 aztarnategi katalogatuta daude eskualdean, eta horietan, Behe Paleolitikotik erromatarren garaira arteko aztarnak aurkitu daitezkeela jakinarazi zuen barrikoztarrak. Era berean, Aranbaltzakoa nabarmendu zuen, Châtelperroniarren zantzuak aurkitu baitira horretan.

Euskaldunen historia, Smithsonianera

Jauzarrea euskal kulturaren azterketa eta zabalkunderako funtsa da. Hori dela eta, euskaldunon historia osatzeko eta hori hedatzeko ahalegina egiten ari dira. 2009tik hona nazioarteko garrantzi handiko 160 ikertzaile ekarri dituzte Euskal Herrira. "Horiek denak euskaldunokaz lotutako ikerketak garatzen ari dira. Ideia da horiek hona ekartzea dakiten dena kontatzeko, inolako interesik gabe kutsatuta ez daudelako", azaldu du Xabi Oterok. Horrez gainera, etorkizunean Smithsonian institutuan euskaldunen historiari buruzko esposizio bat egin gura dutela jakinarazi du Oterok.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun